
Ramón Oleaga Páramo
Bilbo, 1958. Zuzenbide, ekonomia eta historia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat museorekin aritu da lankidetzan, kartografia historikoko haien funtsak katalogatzen eta material horiei buruzko erakusketen komisario lanetan. Bere argitalpenak ditu Plasentia de Butrón-Plentzia: Cartografía Antigua (2000), Bilboko Estanpak 1575-1860 (2000), Euskal Herria Museoa: Kartografia Bilduma (2010), Durangaldeko kartografia = Cartografía histórica de la Merindad de Durango (2015), besteak beste, baita idazlan hauexetako lurraldearen irudikapen historikoari buruzko atalak ere: Historia de Euskal Herria (1. liburukia, 2005) eta “Bizkaia kartografian”, Bizkaiko Foru Aldundiaren historia. 1500-2014 idazlanean (2014).
Euskal Herria eta mapak
Irakurleak jakin-minez begiratuko dio bere eskuetan duen lan honi, eta apaingarri soiltzat hartzea izango du lehen erreakzioa. Liburu hau gure egongelako mahaiaren apaingarri izan daiteke, bere itxura zaindua dela eta. Baina, egia esan, ez da hori haren asmoa. Argitalpen honek ez du edertasuna bilatzen, askoz urrunago doa. Gaur egun Euskal Herria – Baskonia deitzen dugun lurraldeaz eman den kartografia eskaini nahi du, muinean duela Euskal Autonomia Erkidegoak, Nafarroako Foru Erkidegoak eta Euskal Hirigune Elkargoak osatzen duten eskualde historikoantropologikoa. Iparraldetik eta hegoaldetik, Aturri eta Ebro ibaiek mugatzen dute, oro har, lurralde hori. Lanestosaraino hedatzen da mendebaldean; Ospitaleperaino, berriz, ekialdean. Garai historikoetan, euskal kultura garatu den eremua da. Azken asmoa, beraz, ez da estetika hutsa, funtsean kulturala baizik.
Euskaldunen, euskal herritarren, lurraldea islatu nahi dugu, haien lurraldea, nola ikusi duten beren burua edo, hobeto esateko, aurrerago ikusiko dugun bezala, besteek nola ikusi dituzten. Horretarako, iturri kartografikoetara joko dugu, lurralde horrek izan duen islara. Dozenaka belaunaldi bizi izan dira lurralde horretan, askotan ideia argirik ez zuten arren bizi ziren bailaratik, lautadatik edo ibaiertzetik urrun samar zegoen ingurunearen nolakoaz.
Argitalpenaren ideia Jose Mari Esparzarena da. Kartografiaren eremuan sartu zen, eta arrakasta berezia izan zuen aurreko obretan. Berak bildutako corpus bat osatzea proposatu zidan, nahiko zabala jada une hartan, “historikokartografikoa”
dei dezakegun ikuspegi batez ondua.
Materialak hautatzeko, Euskal Herriko liburutegi eta museoen katalogoak, Espainiako Liburutegi Nazionalarenak eta hainbat erakunde espezializaturenak hustu ditugu, tartean direla Kataluniako Institutu Kartografikoa eta Espainiako
Institutu Geografiko Nazionala. Horiekin guztiekin batera, gure inguruko herrialdeetako (Frantzia, Ingalaterra, Portugal eta abar) liburutegi nazionaletako funtsak berrikusi dira, baita bilduma pribatuak ere, hala gure herrialdean nola
atzerrian. Adibide aipagarrienetan, David Rumseyren bilduma dugu.
Lehenengo hautaketan, nola edo hala gure lurraldea islatzen duten milaka adibide atzeman genituen, eskala handiagoan edo txikiagoan. Mapa zaharrenek, eskala txikikoek, erreferentzia bakar bat zuten toponimoen errotulazioan; adibide
modernoenetan, berriz, eskala oso xeheko mapak era guztietako informazioz josita agertzen ziren.
Lehen hurbilketa trauskil horren gainean hautaketa zientifikoagoa egin zen, eta horren emaitza 800 mapa pasatxoko corpusa izan zen, modu batera edo bestera gure ingurunea kartografikoki islatzen zuena. Azkenik, horien guztien gainean, azterketa bat egin zen, obra honen helbururako duen garrantziaren adierazgarri. Adibiderik zaharrenetan, nahikotzat jo genuen erreferentzia generiko hutsa, Europako hego-mendebaldeko bazter hau “historian sartu” zela egiaztatzen zuena. Berrienetan, berriz, material kartografikoak Euskal Herriko lurralde osoari erreparatzea jarri genuen baldintzatzat, edo berariaz, zatiren bati erreparatzea, xehetasuneko mapak edo hirien planoak sartzea saihestuz, betiere.
Aipatu azterketa haren ondorioz, 300 mapa inguru hautatu genituen: gure ustez, historiaren joanean gure herriak izan duen irudikapenaren berri ematen dute. Horien gainean, ikerketa lan zehatz bati ekin zitzaion. Ez da ahaztu behar mapa gehienak lan handiago bateko parte zirela, dela atlas bat, dela bidaia liburu bat, dela geografiakoa edo beste mota batekoa, gure eskuetara orri solte batean iritsi arren. Beste mapa asko, berriz, batez ere berrienak, XVIII. mendearen amaieratik hara, orri soltean inprimatu eta merkaturatu ziren. Mapetako bakoitza jatorrizko obrei lotzea genuen asmoa eta, horren barruan, maparen lehen edizioa edo “egoera” argitaratu zeneko unearekin lotura bat ezartzea. Azterketa horri esker, azkenean argitaratzekoa zen mapa bakoitzaren fitxa zehatz bat bete genuen. Fitxa horretan, egilea aztertzen da, eta mapa jakin bakoitza haren ekoizpenaren testuinguruan kokatzen; gainera, plantxa bakoitzaren lehen egoeraren benetako argitalpen data arakatzen da. Izan ere, kartografiaren arloan, ohikoa zen aurretik zeuden plantxak irizpiderik gabe erabiltzea, askotan mendeak lehenago argitaratu ziren lanetakoak ere: lamina bat grabatzeak eta estanpa inprimatzeak kostu handia zuenez, beharrezkoa zen irudi bera berrerabiltzea, ia mugagabe. Soilik ia ez nabaritzeko moduan ukitzen zen egiletza, edo estanpazio data desagerrarazi, jada eduki zaharkitua zuela oharkabean joan zedin.
Horregatik guztiagatik, material kartografikoak katalogatzea, gutxienez, lan nekeza da. Gure ikerketan, nahi baino gehiagotan, mapak hainbat erakundek modu desberdinean katalogatu dituztela ikusi dugu. Are, batzuetan, horietako batek ere ez du erreferentziazko errepertorioek (Koeman, Pastoreau…) posibletzat eskaintzen duten datarik edo egilerik. Egia da, halaber, liburutegien digitalizazioaren egungo garapenak material ugari eskuratzeko aukera eman digula, duela 20 urte munduari bira ematea eskatuko zuenean… eta ez 80 egunetan, justu. Laburbilduz, ez da behin betiko katalogaziorik “ontzat” eman eta, kasu guztietan, argitaratzen diren informazioak gutxienez bi aldiz egiaztatu nahi izan ditugu. Hala ere, inprimategitik aterako denari begira, ikerketa zabal hori maparen irudi oin labur batera mugatu dugu eta, bertan, honako datu hauek zehaztu dira: egilea, data, edizioa, lekua, eta mapa hobeto ulertzeko moduko iruzkin labur bat. Ikerketa hori, nolanahi ere, geroagoko beste argitalpen teknikoagoetara gehitu nahi dugu.
Gure lurraldearen irudikapenaren historia gaur egungo bilatzaile geografiko digitalen antzekoa da; izan ere, garai zaharrenetan, ikuspegi urrun eta zabala da abiapuntu, eskala txikikoa, eta gaur egun gure lurralde gisa identifikatzen ditugun lekuak ez ezik, inguruko beste leku batzuk ere biltzen dira. Eskala txiki horietan, errotulu bat penintsulako iparralde osoa betetzera hel daiteke, edo Akitaniako alderantz gainezka egin. Garai historikoetan aurrera egin ahala, mapak, argazkien “zoom” baten gisa, hurbildu egiten dira, eta eskalak eta xehetasunak hobetzen.
Irudikapenaren kalitatea hobetzea hainbat faktoreri lotuta dago. Lehenik eta behin, lurraldearen benetako ezagutza edozein zela ere, erreprodukzio teknikak neketsuak eta garestiak ziren. Original artistiko batean pentsatu behar dugu, marraztua, moldiztegira eramango ziren adibideen matrizea. Zoritxarrez, eztabaida judizialetan sartutako plano batzuk salbu, XVIII. mendean oso berandu arte ez zaigu eskuizkribuzko maparik iritsi, ez Euskal Herri osokoak, ez haren atal batenak ere. Original ezezagun horien erreprodukzio teknikaren egoera da aurkitzen dugun beste oztopoa. Dela xilografia, dela zuraren gaineko grabatua, dela kobrearen gaineko kalkografia, edozein teknikatan, mapa horien inprimatze prozesuak matrize bat zizelkatzea eta estanpatzea eskatzen du, eta gaitasun tekniko hori, XIX. mende arte, inprimategi gutxi batzuen eskura zegoen.
Komeni da gogoan izatea ez dugula izan ia gaurdaino maparik duela mende batzuetatik hona historiak Euskal Herria – Baskonia deitu duena modu espezifikoan erakusteko. Ondorioz, mapa zaharrenetan, eremu zabalago batean gure errealitatea islatzen zuten Europako edo Iberiar Penintsulako mapak hautatu ditugu. XVII. mendean, jada, eskualdeko mapak argitaratzen hasi ziren. Mapa horietan, geografoaren begia gure lurraldera “hurbiltzen” ari zen, baina artean ere, muga zehaztugabeak zituzten eta, kasu askotan, distortsio geografiko handia. Geografo hori, garai horretan, gure herrialdeaz kanpoko norbait zen beti, eta ez da dokumentuetan gorde bertako informazioren bat nondik eskuratzen zuen,
nahiz eta mapa batzuetan argi dagoen egileak tokiko informatzaileak izango zituela. XVIII. mendean, oso labur, foku zabalagoko mapa horietatik xehetasun handiagoko beste batzuetarako bidea urratzen da. Hala Penintsulako lurraldeei buruz zein Pirinioez iparraldeko lurraldeei buruz, unitate handi bakoitzerako mapa unitarioak egin zituzten.
XIX. mendea etengabeko gerra aldia izan zen, hasi Napoleonen garaiarekin zein Penintsulan egin zituen kanpainekin, eta buka gatazka karlistekin. Ondorioz, kartografia joria garatu zen, hala armadek zituzten beharrizan operatiboetarako
nola herritarrek eskatzen zuten informazioa hornitzeko. Bestalde, XIX. mendearen erdialdetik hara, eliteak eratzeko eta informatzeko kontzientzia berri bat sortu zen eta, horren ondorioz, Pirinioez bi aldeetan probintziako atlasak argitaratu ziren, lurralde unitate bakoitza xehetasunez erakutsiz. Mendearen azken herenean, kultura arloko adibideak ditugu, euskararen eta hizkuntzaren azterketari lotuak, eta gure lurralde osoa hartzen dute aztergai, hain zuzen ere.
XX. mendean, oparo ugaldu ziren mapak. 1918az geroztik, Eusko Ikaskuntzaren
kongresuek euskal kulturari eman zioten hauspoak kultura kontzientzia piztu zuen, eta kontzientzia horrek, aldi berean, kartografian izan zuen bere isla. Mendearen azken laurdenean, berriz, jada gaurdaino iraun duen bezala, alde batetik, administrazioen kartografia ofiziala garatu zen eta, bestetik, ikuspegi integratzaile batez, Euskal Herri osoa kulturalki zein geografikoki islatzen duten mapak aurkezten dituzten hainbat argitalpen plazaratu.
Obra hau irakurtzean, erne egon behar gara, eta gure gaitasun kritikoa erabili. Adierazpen tekniko-kartografikotik kanpo dauden errealitate batzuez jabetu behar gara, praktikan, pertsonei eragiten dietenak, mapak oso gutxitan baitira inuzenteak.
Kartografia arma ahaltsua da eta, beraz, helburu instrumentalaz erabil daiteke, hasierako asmo objektibotik aldenduz eta beste helburu batzuei lotuz. Kartografia ez da soilik lurralde baten irudikapen bisuala: haratago doa, rol garrantzitsua betetzen baitu inguratzen gaituen munduari buruzko errealitate mentalen eta giza pertzepzioen eraikuntzan. Mapetan, ezaugarri geografiko, politiko, sozial eta kulturalen irudikapen grafikoaren bidez, errealitate mental berriak sortu eta moldatzen dira, eta eragin bat dute pertsonek lurraldea ulertzeko zein elkarri eragiteko moduan eta lurraldearekin duten harremanean.
Mapek, muga geografikoak edo politikoak zehaztean, rol garrantzitsua jokatzen
dute nortasunaren eta talde kidetzaren eraikuntzan, edozein dela ere. Adibide zehatz bakoitzean ezartzen diren mugek nazio eta eskualde mailako nortasunen eraketan eragin dezakete, lagungarri ere izan daitezke hainbat erkidegok partekatzen dituzten kultura loturak sendotzeko orduan eta, aldi berean, norbanakoak lurralde jakin batean errotzeko eta haren kide izateko zentzua sortzen dute. Era berean, aurreiritzi eta pertzepzio sozialen eraketan eragin dezakete, dauden estereotipoak eta eraikuntza kulturalak sendotuz. Hartara, azken batean, iritzi publikoa eta erabaki politiko eta ekonomikoak itxuratzen dituzte, eta lurralde administrazioa zein boterearen banaketa baldintzatzen.
Kartografiak errealitate mentalen eraikuntzan eta narratiba kulturalen sorreran duen eraginari erreparatzean, garrantzitsua da, bada, eskaintzen ditugun ehunka adibideak begi kritikoz irakurtzea, eta kontuan hartzea lurraldea eta, azken batean, pertsona gisa geure burua ulertzeko orduan eragin dezaketela.
Hortxe, bada, ohar kritikoa. Orain, gozatu besterik ez zaigu geratzen eta, paperaren bidez, mendez mendeko bidaia batean murgiltzea, egongelako erosotasunetik gure lurraldearen aniztasunean barneratzeko.

