
Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga
UPV-EHUko Katedraduna Historia garaikide sailean. Emeritus. Biography & Parliament, Ikerketa taldekidea (www.ehu.eus/eu/web/biography-parliament/–/joseba-agirreazkuenaga). 2019ko deialdian, EUSKADI Ikerkuntza saria (Giza eta Gizarte Zientzien arloa. Hezkuntza saila. Eusko Jaurlaritza). ICHRPIko Presidentea (International Commission for the History of Representative and Parliamentary Institutions) 2015-2023an. 27 liburu argitaratu ditu, hala nola The Making of the Basque Question (2011) eta Euskal Herritarren Burujabetza (Irun, 2012). 99 kapitulu liburu monografikoetan, 86 artikulu indexatutako aldizkari zientifikoetan.
Hitzaurrea
Esku artean duzun entziklopedia ikusgarri eta eder hau sendoa da edukiz, eta zorrotza irudikapen kartografikoak hautatzeko orduan. Azken milurteko honetako irudikapen horiek Euskal Herriaz edo Euskal Herriko lurraldeei buruzkoak dira. Egileak bertokoak baino gehiago kanpotarrak dira. Ikerketa eta bilduma lan honen autoreek pentsatu dute sarrera lerro hauek sinatzen dituen hau aurkezle egokia izan zitekeela, eta zinez eskertzen diet konfiantza hori. Ni, ostera, ez nago hain seguru. Kartografia historikoan, urte luzetako pazientzia behar da aditu bihurtzeko. Iraupen luzeko esperientziaren eta azterketa kritikoari nekagaitz lotzearen bidez lortzen da espezializazioa. Gainera, bildumagilearen grina ere eskatzen du, gaian trebea eta jakin-minez mugagabea. Bada, bertute horiek bat egiten dute bi egileotan eta ezaguna zaidan haien ibilbidean.
Ez gaude obra arrunt baten aurrean; hauxe bi ikertzailek egindako ibilbide baten emaitza da. Ikertzaile horiek euskal herritarren irudikapen kartografikorako grina, modu independentean, mapa-ekoizpenaren ezagutza kritiko bihurtu dute. Beren hitzaurreek lan honek lortu nahi dituen helburuak eta kezkak azaltzen dituzte eta, aurkezpen honetan, horiek ikuspegi historiografikoz janzten saiatuko naiz.
1892an, Anton Abbadiak “Euskaldun Bestak” antolatu zituen Donibane Lohizunen, “Zazpiak Bat” goiburuaz Euskal Herriko zazpi lurraldeetan 40 urtez ospatu ziren euskaldunen jaiak. Bere azken hitzaldian, Abbadiak ahotsa itzaltzen ari zitzaiola aitortu zuen, eta berriro ere Zazpiak Baten batasunaren balioa ekarri zuen gogora. Ondoren, zutik, parte hartzaile guztiek euskal ereserki nazionala abestu zuten: Gernikako Arbola.
Bere aldetik, Societé d’ethnographie nationale et d’art populaire-k euskal ikasketen kongresu bat antolatu zuen Donibane Lohizunen 1897ko abuztuaren 15etik 22ra bitartean, Congrès de la Tradition Basque, eta Bidasoaren bi aldeetako ikertzaileak gonbidatu zituen, Zuberoa, Beasain eta Bilboko bertsolari eta dantzariekin batera. Biltzar horretako kronikaren arabera, zazpi probintzia ahizpez osatzen den Euskal Herriaren loriak abestu ziren (« pour les gloires de la chère Eskual-Herria, des sept provinces soeurs »). Gipuzkoako Aldundiko presidente Manuel Lizarriturri liberal kontserbadoreak « le caractère des habitants de Euskal-Erria » goretsi zuen, eta honela amaitu: « Je bois enfin à la langue, aux traditions, en un mot à la race de ceux qui, avec juste fierté, se disent les fils des Zazpiak bat, et servent de trait d’union entre les deux nations sœurs faites pour toujours s’aimer et s’entendre, La France et l’Espagne ».
Hizlarietako batek, Société des sciences, lettres et arts de Pau erakundeko Adrien Planté lehendakariak, « Les Basques ont-ils une histoire? » izeneko idazki bat irakurri eta argitaratu zuen (“Euskaldunek ba ote dute historiarik?”). Ez zegoen zalantzarik frantsesek edo espainiarrek, beren nazio-estatuetako “herritarrak” ziren neurrian, historia bazutela. Antolatzaileetako batek, Donibane Lohizune herriko auzapezak, Albert Goienetxe doktoreak, hauxe erantzun zion Plantéri: « Les Basques sont comme les femmes honnêtes: ils n’ont pas d’histoire ». Donibane Lohizuneko mediku ospetsuaren interpretazio matxistak euskal naziotasunaren sendotasunaz galdetzeko balio izan zion hizlariari: «Qu’est-ce qui a fait la force de la nationalité basque? ». Izan ere, Europako pentsamendu kolonialaren goraldi handienean ulertzen zen bezala, euskaldunek historiarik ez zuten, baina A. Planték azaldu zuen beren konstituzioen, foruen erakunde sozialei esker, euskaldunak herri legegilea zirela, bere ohitura eta lege sisteman emakumeen eskubideak errespetatzen zituena.
XVIII. mendean, ohikoa zen bereizketa egitea nazio kultuen eta barbaroen artean. Bigarren horien artean, gramatika eta hiztegirik ez zutenak zeuden. Beraz, euskararentzat eta euskaldunentzat atzeraezina zen gramatika eta hiztegia ontzea. Egitasmo horiek Manuel Larramendik (1690-1766) gauzatu zituen, El Imposible vencido. Arte de la Lengua Bascongada izeneko gramatika (1729) eta Diccionario trilingüe del castellano, vascuence y latín hiztegia (1745) eginez eta argitaratuz. Hori, ordea, ez zen nahikoa izan. Izan ere, XIX. mendearen erdialdean, Friedrich Engelsek azaldu zuen bezala, independentzia lortu ez zuten herriek, euskaldunek, adibidez, ez zuten bizitasun nahikorik agertu eta, beraz, mapatik at geratu ziren. Iraganekoak omen ziren, historiarik gabeko herriak, eta horixe bera gertatzen zen europarrek Amerika, Afrika edo Australiako kontinenteetan kolonizatutako herriekin. Nahikoa zen ustezko historia gabezia hori ukapen zibil eta politikoak justifikatzeko, eta kolonialismoa praktikatzeko.
1801ean Wilhelm von Humboldtek “zorigaiztoko herri honek bere izenaren batasuna ere galdu du” adierazi zuenean, hauxe esanez bukatu zuen: “Euskal Herri frantsesean, probintzia baskongadoetan eta Nafarroan barreiatutako herri osoa: euskaldunak [dira]”. Urte batzuk geroago, Richard Ford bidaiari britainiarrak hau idatzi zuen: “The Basques call themselves Euscaldunac, their country Euscaleria (sic), and their language Euscara”. Aldiz, Joanes Etxeberri (1688-1749) mediku eta saiakeragileak bere idazlanetan zioen bezala, euskaraz idazten zutenek ohikoa zuten, eta begi bistakoa zitzaien, iraganeko euskaldunak aipatzea, baita Euskal Herria izena bera ere Zuberoatik Bizkairainoko lurralde osoa adierazteko.
Subjektu eta eragile horiek, euskaldunak, ez dira denboragabeak, ezta “berezkoak” ere, eta hainbat mapetan grafikoki irudikatu den espazio batean bizi dira, eta kontakizun eta istorioen bidez bere buruaren jabe ageri zaizkigu. Hartara, gehiago edo gutxiago, beren buruaren kontzientzia, ipseitatea erakutsi dute. Euskaldunen borondatea eta esperientziak aztertzea eta irudikatzea espazioan, historialariei eta kartografoei dagokie, baina ez bakarrik, poetek, nobelagileek edo dokumentalen ekoizleek ere haiei buruzko ikuspegiak aldatu eta birsor ditzakete (baita manipulazio anakronikoak egin ere). Horregatik, gogoeta kritikoa egin behar da eta, zorroztasun zientifikoan oinarrituz, ondo dokumentatutako lanak burutu, jakinik ere edozein lan zientifiko berraztertua izan daitekeela, behin behinekoa delako. Estatuak, nazioak, herriak, eraikuntza diskurtsiboak ere dira, beharrezkoak ditugu bizitza komunerako, eta denboraren joanean sortu, garatu eta eraldatzen dira. Historiaren bidez, historikoki pentsatzen ikasten dugu, ziklo laburrak eta iraunaldi luzeak aztertuz; kartografiaren bidez, ostera, gure memoria zehazten eta finkatzen laguntzen duen gunea asmatu eta sortzen dugu.
Entziklopedia bisual honen helburua da dokumentu kartografikoetan eta mapetan euskaldunei eta haien lurraldeari buruz egin den irudia erakustea. Gogoeta eta bilketa sistematiko eta selektiboko ariketa bat da, azken milurtekoan euskaldunen espazioa irudikatzeari buruzkoa.
Estrabon geografo greko-latinoak (K.a. 64 – K.o. 21), gure aroko lehen mendean Iberiar Penintsula iparraldeko herriak deskribatu zituenean, gens edo ahaide zabaleko talde gisa sailkatu zituen, baina Erromatar Inperioaren amaieran, lurraldeak adierazten zituen toki bateko biztanleak: Baskoniak baskoiak, eta Barduliak barduliarrak, Gipuzkoako egungo lurraldean gehienbat.
Erdi Aroaren amaieran, historia unibertsaletik abiatuz historia partikularrak sortu eta asmatu ziren. Lurraldeak, orubeak, eta ez gens edo ahaideak, nortasun adierazle bilakatu ziren, historia unibertsalaren atal eta erreferentzia-puntu. Lan honetan ikusiko duzun Saint-Sever monasterioko mapamundian, mundua ozeanoez inguratuta agertzen da, eta XI. mendeko Apokalipsia azaltzeko balio du. Denbora eta espazioa konbinatzen dituen mapa bat da, baina gainera, monasterio hura Wasconia izeneko lurraldean dago irudikatuta, eta lurralde hori Gallicia izeneko beste baten mugakidea da, Pirinioetako mendiak Galiziatik Gironaraino hedatzen baitira; ikuspegi horrek, izan ere, gutxienez 1930era arte iraun zuen Frantziako geografian. XI. mendean, Baskonia Pirinioetako bi hegaletan hedatzen zen. VII. mendean, Ravenako geografo anonimoak jada, baskoien dentsitate handia erakutsiz Guasconia edo Vasconum patria eta Spanoguasconia aipatzen ditu.
Euskaldunei buruz gordetzen den kartografia inprimatua eta informazioa XVI. eta XVII. mendeetan zabaldu zen, bereziki euskaldunen itsas zibilizazioa orduan ari zelako hedatzen. Hurrenez hurreneko mapetan, Kantauri itsaso, Bizkaiko itsaso, mer des Basques edo Bizkaiko golkoaren kostaldean bizi ziren biztanleek zuzenean parte hartu zuten mundializazio edo globalizazioaren orduko fenomeno berrian, horretan Ozeano Atlantikoko europarrek izan baitzuten protagonismoa. Getaria Gipuzkoako Juan Sebastian Elkano merkatari eta nabigatzailea, Bermeoko Juan (“Johan”) Acuriorekin eta Europako beste hainbat naziotako nabigatzaile ausartekin batera, lehen mundubiraren buru izatea ez zen zoriaren ezusteko bat izan. Bizkaiko golkoa ontziola handi bat bihurtu zen, era guztietako itsasontziak eraikitzeko gai, eta bertako merkatariek gaitasun finantzario nahikoa izan zuten beren monarkien zerbitzura asmo handiko proiektuak abian jartzeko. 1511n Bilboko Kontsulatua (Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban jurisdikzioa zuena) sortzea izan zen errealitate horren adierazpen instituzionala. Gainera, Baiona eta Donibane Lohizune ekonomikoki indarberriturik hazi ziren eta, aldi berean, itsasbideak frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu ziren XVI. mendetik XVIII. mendera bitartean, baita euskal eskola bat sortu ere Ternuako kalak kartografiatzeko, Europako kostalde atlantikoetan hartutako esperientziatik abiatuz. Karta nautikoak, itsasbideak, arrantzale, merkatari eta nabigatzaileek asko estimatzen zituzten dokumentuak ziren. Flandestarrek eta holandarrek, ordea, mapak hedatzeko eta merkaturatzeko industria bat sortu zuten. Mapa horietatik, lan honetan, Euskal Herriari buruzkoak azaldu eta komentatzen dira.
Esteban Garibai (1533-1599) Errenazimentuko historialari handi bihurtu zen. Garibaik ederki azaldu zuen Leinu Gerretan protagonismoa izan zuten handiki edo jauntxoen euskal gizartetik espainiar monarkia konposatu berrirako trantsizioa, monarkia horren espantsioak mugarik ez zuela zirudienean. Garai horretan, botere ugari lehiatzen ziren buruz buru, eta botere bakoitzak bere kontakizunen gaiak aukeratzen zituen. Batzar Nagusietan kondaira eta narrazio berriak ondu ziren Frantziako eta Espainiako monarkia konposatuen testuinguruan, beren eremuan botere publiko baten kudeaketari eusteko. Gipuzkoa 1578an kartografiatu zen informazio eta toponimia zehatzarekin, Esteban Garibairen ekimenez, segur aski, Anberesen baitzebilen 1571 eta 1572 bitartean, bere Los Quarenta Libros del Compendio Historial lanaren edizioa prestatzen. Bizkaiko gobernuak, Batzar Nagusiek aukeratuak, Bizkaiko mapa bat egitea ere agindu zuen 1591n, lurralde hori Flandesen argitaratzen ari zen mapamundian ager zedin. Aldiz, ez zen egin ahal izan. Beste muturrean, Nafarroako Erresuma kartografiako lurralderik oparoena izan zen XVI. mendetik. Dena den, 1512 eta 1524 artean Gaztelak konkistatu berri zuen Nafarroako Erresumaren mapaketa edo kartografia, Erresumaren estatusa aitortzeko ekintza bat izateaz gain, helburu militarren ondorioa ere izan zitekeen. Izan ere, mapak, karta nautikoak bezala, armada lehiakideen ibilbide eta gida ziren. XVI. mendeaz geroztik, Europako monarkia fiskal-militar eratu berriek kartografiaren bidez lurraldeak gertutik ezagutzeasustatu zuten.
Ohitura eta praktika politikoak, hala nola foruak, testu inprimatuan argitaratzeak aditzera ematen zuen corpus politiko eta juridiko hori onartuta zegoela eta legezkoa zela, inprimatzeko beharrezkoa baitzen koroaren baimena. Era berean, mapa bat ekoizteak eta finantzatzeak lurralde horren errekonozimendu publikoa eskuratzen laguntzen zuen. Horregatik, XIX. mendean, euskal agintariek Euskal Herriko hainbat lurralde mapa argitaratzeari ekin zioten.
Era berean, XXI. mendean kartografia historikoa ekoitziz eta zabalduz, hemen egin dugun bezala, Euskal Herria – Baskonia berrirakurri, ospatu eta aitortzen dugula adierazten da.
XVII. mendean, eszeptizismo eta erlatibismo filosofikoaren garaian, zientzia historikoak garatzeko kritika dokumentalaren oinarriak ezarri ziren. Testuinguru horretan, Arnaut Oihenartek (1592-1668?), Zinbidetako edo Zuberoako herri xehearen abokatu eta Nafarroako Parlamentuko legelariak, historia bat argitaratu zuen: Notitia Utriusque Vasconiae, tum Ibericae tum Aquitanicae (“Bi Baskonien berri, bai Akitaniakoa, bai Iberiakoa”). Idazlan horretan, subjektu historiografikoa “vasconicus (…) da, latinez kantabriar deitzen direnak, frantsesek Basques edo Biscayans eta espainiarrek Vascongados deitzen dituztenak”. Oihenartek euskal kantabrismoaren mitoa kritikatu zuen, foruei buruzko Batzar Nagusien diskurtso historikoaren oinarria zena. Bere garaikideak, Josef Moret Nafarroako Erresumaren kronikariak, Nafarroaren historia argitaratu zuen, Espainiako monarkia konposatuaren ikuspegitik egokitua. Ipar Euskal Herrian, XVIII. mendean, ikuspegi orokorra lantzen jarraitu zuten, eta Joan Filipe Bela zuberotarrak “zazpi” lurraldeetako euskaldunen historiak idatzi zituen. 1765ean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen baitan, euskal “historia nazional” bat idazteko premia adierazi zen.
XIX. mendeko iraultza liberalean, Espainiako eta Frantziako nazio-estatuetako akademiek eta unibertsitateek herritar nazional berrien ideiarekin bat zetorren iragan bat asmatu zuten. Era horretan, iragan historikoa frantses eta espainiar moldera nazionalizatu zen, eta euskaldunen historia, berriz, zokoratu edo desagerrarazi, kulturara eta folklorera murriztuta geratzeraino. Haatik, Arturo Kanpion eta Carmelo Etxegarai historialariek kondaira eta mitoetatik urrun zegoen euskal historia berritua bultzatu zuten, eta zientzia historikoen metodologia kritikoan oinarritzen zen. Ikuspegi hori 1918an Eusko Ikaskuntza sortu eta gero garatu zen, Angel Apraiz idazkari nagusi eta katedradunaren ekimen berritzaileari esker. Euskal Herriko mapa bat egitea sustatu zuten, eta Bonifacio Etxegaraik Espasa Entziklopediako “Vasconia” sarrera argitaratu zuen 1929an, ikuspegi politiko-instituzional sintetizatu bat marraztuz. Bi urte geroago, berriz, eragin erabakigarria izan zuen 1931n idatzitako “Euskalerrientzako Sortarau Asmoa” estatutu aurreproiektua prestatzeko lanetan, baita 1936an egitekoa zen Eusko Ikaskuntzaren VII. Kongresuarenetan ere, Historiako gaiak aztertzeko aurreikusia.
Testuinguru horretan, zientzia historikoetatik argitaratutako ekarpenik berritzaileena Theodore Lefebvrek egin zuen (Les modes de vie dans les Pyrénées atlantiques oriental, Paris, A. Colin, 1933), azken 500 urteetako euskal zibilizazio materialaren eraketa eta garapena azaltzeko ikerketa bikaina. Gainera, lan horrek Euskal Herriko historia ekonomiko-sozialaren lehen atlasa biltzen du. Urte batzuk geroago, Julio Caro Barojak Los Vascos. Etnología argitaratu zuen 1949an, euskaldunen historiaren azterketa berritzailea ere. Ikerlan horrek, ikuspegi sintetizatu batez, Bonifacio Etxegarairen obra zein Th. Lefebvrek landutako zibilizazio materialaren historia osatzen zuen.
Bere aldetik, Ameriketako erbestean, Jose Antonio Agirre lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren zilegitasun demokratikoa sustatu eta aldezten zuen eta, gainera, Columbia Unibertsitateko ikasleei horixe azaldu behar zien. Ondorioz, erakunde berri horretarako, Euskal Herriaren historia berritua behar zuen eskueran, etorkizunez beteriko historia bat. 1947an, ponentzia bat aurkeztu zuen Miarritzen, Eusko Ikaskuntzaren VII. Kongresuan eta, Ildefonso Gurrutxagarekin batera, diktadura frankistak baldintzatuko ez zuen historia berri bat lantzea bultzatu zuen. Buenos Airestik zein Renotik, Nevadako Unibertsitatetik, euskaldunen iraganari buruzko gogoeta berriak sortu ziren, euskaldunak bere osoan hartzen zituztenak.
1980an, Historia de Euskal Herria argitaratu genuen bi liburukitan, 192 mapaz ilustratua, kartografia historikoa tartean. Historiaren ezagutzaren egarria zegoen euskal gizartean eta orduan hasi ziren kartografia historikoko lanak ikertzen.
Bergarako Urrutiko Unibertsitatean, UNEDen, 1984an, Felix Ugartek eta Juan Madariagak kartografia historikoari buruzko ikerketa proiektu bati ekin zioten, eta Felix Ugartek, 1989an, Euskal Herriko kartografia historikoari buruzko ikerketetan funtsezko lan bat argitaratu zuen, ernamuin bat eta erreferentziazkoa: Kartografia. Euskal Herriari buruzko kartografia historikoa (1900 aurrekoa). Lan horrek Euskal Herriko kartografia historikoari buruzko lehen aurkibide sistematikoa ondu zuen, eta horretarako Euskal Herriko, Espainiako zein Frantziako, Herbehereetako, Erresuma Batuko eta Italiako artxibo publikoen kontsulta sakona egin zuen, baita Jaime Rodríguez Solis-en bilduma pribatuan ere. Egin zuen kalkuluen arabera, ekoizpen kartografikoaren % 50 XIX. mendeko mapak dira, % 33 XVIII. mendekoak, % 8 XVII. mendekoak eta % 3 XVI.ekoak.
Bestalde, Euskaltzaindiaren Azkue liburutegiak, Euskaltzaindiaren Toponimia Jardunaldietan, kartografia historikoari buruzko erakusketak sustatu zituen: lehena 1986an egin zen Gasteizen, 161 mapaz osatua. 1987an, Urduñan antolatu zen, 161 mapa zituela, eta mapa bilduma hori Gernikan, Leitzan, Zarautzen eta Iruñean ere jarri zen erakusgai. 1990ean, Lizarra sortzearen bederatzigarren mendeurrena zela eta, euskal kultur erakunde horrek toponimiari buruzko III. Jardunaldiak antolatu zituen herri berean, baita 50 mapako erakusketa kartografikoa ere. Jose Antonio Aranak, Azkue liburutegiko zuzendariak, erakusketen katalogoak egin eta argitaratu zituen.
Gran Atlas Histórico del mundo vasco egin zenean, 18. kapituluak “Kartografia historikoa” aztertzen zuen, eta bertan Felix Ugarteren ikerketa laburbiltzen da, Jaime Rodríguez Solis-en bildumako 22 mapa historikoz osatutako bilduma batez ilustratua.
1994an bertan, liburu honen egileetako batek, Ramón Oleagak, Euskal Herriko kartografia historikoari lehen ekarpena egin zion, Bilboko Euskal Museoak antolatutako erakusketa baterako mapak hautatuz eta testuak idatziz. Erakusketa horren katalogoak Mapa Bilduma. Colección cartográfica izena hartu zuen. Ondoren, Bilbori eta beste herri batzuei buruzko erakusketen zuzendari lanetan aritu zen eta, 2004an, formatu handiko 130 orrialdeko liburuki batean, Representación histórica de los territorios y lugares de Euskal Herria izenburuko lana argitaratu zuen, ekarpen erabakigarria Euskal Herriko kartografia historikoaren bilakaerako mugarriak ulertzeko. Gerora, Gernikako Euskal Herria Museoak gordeta eta ikusgai dituen kartografia historikoko 66 mapak aztertu eta argitaratu ditu, eta azterlan monografiko bat ere egin du gaur arteko Bizkaiko kartografia historikoaren gainean.
Bestalde, Jose Maria Esparzak askotariko lan ugari argitaratu ditu. Tafalla sorterria aztertu du eta, ahalegin horretan, ezin aipatu gabe utzi memoria demokratikoaren ikasketetako ikerlan baten koordinazioa, 1986an bi liburukitan argitaratua: Navarra 1936. De la Esperanza al Terror. Nafarroako herrien ahozko kartografia lana ere bada, errepresio frankistari buruzkoa, Nafarroa garaikideko iragan hurbileko beste irudi bat izaten lagundu ziguna. Esku artean duzun Imago Vasconiae lanari loturik, berriz, 2011n Mapas para una nación lana argitaratu zuen, 120 maparen bilduma; mapa horien aldamenean, Euskal Herriko lurraldeen irudikapenari buruzko iruzkin luze bana idatzi zuen. 2012an, Euskal Herria kartografian eta testigantza historikoetan heldu zen. Liburuok harrera beroa izan zuten, behin eta berriz editatzeak argi erakutsi duen bezala. Azkenik, Esparzaren beraren Vasconavarros. Guía de su identidad, lengua y territorialidad nabarmendu behar da, 2012an plazaratua, eta aurkezten ari garen lanaren zuzeneko aurrekaria.
Eskarmentuan eta etengabeko ikerketan oinarrituz, bi egileek beren ezagutzak eta ahaleginak uztartu dituzte Euskal Herriko lurraldeen irudikapen grafikoaren irudia eta bilakaera definitzen dituzten mapak argitaratu eta zabaltzeko.
Lan honek kartografia historikoari buruzko formatu handiko beste argitalpen batzuen lorratzari heldu dio, eta argitalpen horiek herri, komunitate politiko edota nazio baten kultura ondare kolektiboa goratzen eta ospatzen lagundu dute. Aipa ditzadan, adibide baterako, ezinbesteko erreferentzia diren lau lan handi: El mapa de España. Siglos XV-XVIII; Cartografía de Galicia (séculos XVI ó XIX); Imago Cataloniae. Mapas de Cataluña, huellas de la historia; eta Andalucía. La imagen cartográfica hasta fines del siglo XIX.
Lan honen helburu nagusia, dena den, Rodney W. Shirleyk The Mapping of the Word. Early Printed World Maps. 1472-1700 eta History of Cartography lanekin abiatu zuen nazioarteko proiektuari ekarpen bat egitea ere bada, baita honako asmo hau ere: kartografia historikoari buruzko ikerketan jarraitzeko talde iraunkor bat eratu ahal izatea.
Ezagutza zientifiko oro interpretazio bat da, eta liburu hauxe ez da salbuespena. Euskal Herriari buruzko askotariko interpretazioek geure burua ulertzen laguntzen digute, eta historia duten euskaldunei, euskal herritarrei buruzko eztabaida baterako dei bat dira, kontzientzia eta jakinduria historikoa duten subjektuak garen heinean.

