Skip links

Jose Mari Esparzaren sarrera

Euskal Herria: kartografia historikoaren atlasa

Jose Mari Esparza

Jose Mari Esparza Zabalegi

Tafalla, 1951. Industria maisu­­tzako ikasketak egin zituen Iruñeko Salestarretan, eta Tafallako Victorio Luzuriaga fundizioan ibili zen lanean. 1985az geroztik, Altaffaylla Kultur Taldeko lantalde sor­­tzaileko partaidea da. Jose Maria Jimeno Juriorekin aritu zen lankide­­tzan, eta oroimen historikoari buruzko lehendabiziko liburuak argitaratu zituen, hala nola Navarra 1936, genero horretan ai­­tzindaria.

1988az geroztik, ­­Txalaparta argitale­­txea zuzendu du eta, hartara, 1.300 liburutik gorako katalogoa sortu, hala euskaraz nola gaztelaniaz. 30 urtez baino gehiagoz, hainbat aldizkari, elkarte, fundazio eta argitale­­txe sustatu ditu. 30 liburu baino gehiago ida­­tzi edo horietan kolaboratu du, askotariko gaiei helduz: tokiko ohiturak (kantutegia, jotak, lexikoa), euskal historia, saiakera politiko-historikoa eta Euskal Herriaren kartografia.

Ahozko kartografia

2011n, lehendabiziko kartografia liburu bat argitaratu nuen eta, orduan jada, harriturik adierazi nuen ez zegoela gure lurralde osoaren kartografia bil­tzen zuen atlasik. Gure lurraldea diot, adi­­tzera eman nahiez gure lurralde baskoia, nafarra, euskalnafarra, nolanahi dei­tzen zaiola ere. Gure euskal lurraldeaz ari naiz: Euskal Herria.

Lehendabiziko ahalegin hori, beste helburu eta premia ba­tzuekin egin genuen, baina mundu osoko kartografia gordailuak eta fun­tsak bisita­tzen jarrai­tzeko oinarri bihurtu zen. Bada, horren emai­tza duzu, irakurle agurgarria, bilduma eder hau, eta ez die deus inbidia­tzeko uniber­tsitateen, estatu burujabeen, autonomia erkidegoen zein beste erakunde handi ba­tzuen hegalpean argitaratu diren beste ba­tzuei.

Bide horretan, Ramón Oleagarekin topo egin nuen ezustean, kartografiaren jakitun handia, eta bere herrialdearen zale porrokatua. Bada, Bilboko bizkaitar horren eta Ager Vasconum eskualdeko nafar honen arteko sinbiosiaren fruitu, Atlas hau sortu da. Mugarri bat, zalan­tzarik gabe, gure herriaren bibliografian zein kartografian.

Mapak, Juan Madariaga nire irakasle, historialari eta adiskideak dioen bezala, ez dira lurraldearen irudikapen hu­tsa; sortu ere egiten dute. Kartografia ez da instrumentu soila, kulturarako tresna ere bihur­tzen da, askotan: barne eta kanpo identifikaziorako lan ideologiko bat bete­tzen du. Herrialde honetaz, Baskonia zaharraz, historian izan den ikuspegia uler­tzeko adierazpen garran­tzi­tsua ere bada.

Ehunka mapetan, kartografia bateratu bat deskubritu ahal izango dugu, hainbat zatiketa administratiboren artean, eta ez dira ­txikiak. Lehendabizi, hainbeste alditan elkarren kontra borrokatu diren bi estatu desberdinek eragin zituzten. Gero, berriz, askotariko lurraldeen arteko zatiketa dugu: Nafarroako Erresuma, Probin­tziak, Tierra de Vascos delakoa (Portuz Haranzko Lurraldea, edo Ultrapuertos). Gauzak horrela, nekeza ere egiten da Atlas honi izenburu egokia ematea. Gure herrialdeak hamaika izen izan ditu, Humboldtek berak 1805ean deitoratu zuen bezala. Wasconia edo UUasconia lehendabiziko koronimoaren ondoren, askoz gehiago etorri ziren, ba­tzuetan mapetan adieraziak, eta askoz gehiago ahoz zein ida­tziz, nik “ahozko kartografia” deitu dudan horretan.

Bada, II. mendean, Ptolomeo geografoaren lanak baskoien lurraldea aipatu zuen lehen aldiz. Pruden­tzio poeta latinoak, Calahorra hiri baskoian jaioak, “ibai baskoia” deitu zion Ebrori. 393. urte aldera, berriz, Paulino Nolakoak, Vasconiae saltus aipatu zuen. Pliniok Vasconum Saltus eskualdeaz izkiriatu zuen, eta Tito Liviok Vasconum Ager eremuaren berri u­tzi zuen. Labur eta laster esateko, Baskoniako mendialdea eta ordeka adierazten dituzte, egungo Nafarroaren espazioan nagusiki. Baskonia hori Bortuetan, Pirinioetan hasi, eta Ebroren eskuinalderaino hel­tzen zen, garai bateko Calagurris eta Errioxa ekialdea ere bilduz, Hondarribia zein Oiar­tzun i­tsasorako irtenbide zituela. Ekialdetik mendebaldera, berriz, Baskonia Oska eta Zaragozako ingurutik, Segia eta Salduba barruan zirela, barduliarren, karistiarren eta autrigoien mugaraino heda­tzen zen.

Geroago, Baskonia delako jatorrizko baskoien lurralde horrek eremu zabalagoa hartu zuen: euskal tribuak bizi ziren lurralde osoa. VI. menderako, Baskonian bil­tzen ziren egungo Araba, Bizkai eta Gipuzkoa, Ipar Euskal Herria eta Akitania. Luze gabe, ordea, Pirinioez iparraldeko zatira murriztu zen Baskonia izena, Garona ibaiaz hegoaldeko eremura mugaturik gera­tzeraino: Vasconia, Wasconia, edo Gaskoinia.

Mapa ba­tzuetan, Nafarroa edo Navarra ikusiko dugu lurralde osoari dei­tzeko. Halaxe ager­tzen da testu zahar ba­tzuetan, hala nola 1190eko agiri ingeles batean. Agiri horrek hauxe dio, zehazki: “Nafarroako erregearen lurraldea Huarce delako portuan hasten da (Oiar­tzun), eta Castroko uretaraino heda­tzen da (Castro Urdiales, egungo Santanderren), hor bereizten baitira Nafarroako eta Gaztelako erregeen lurrak”.

1571n, Joanes Leizarraga Beskoi­tzeko lapurtarrak lehen aldiz aipatu zuen Heuscal-herria, eta, urte ba­tzuk geroago, Joan Perez Lazarraga arabarrak berriz ere, gure herrialdearen beste muturrean.

1638an, Oihenartek bi Baskoniak aipatu zituen Notitia bere idazlanean: “Euskaldunak. Ba­tzuk Iberian bizi dira, Pirinioez hona. Beste ba­tzuk Akitanian, Pirinioez harat. Bizi dira, alde honetan, nafarrak, jakatarrak, arabarrak, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak; Pirinioez harat, gaskoiak eta baskoak”, azken izendapen horrekin adierazi nahirik Bortuz haranzko nafarrak. Bost urte geroago, 1643an, Pedro Axular idazle nafarrak Euskal Herriaren deskribapen moderno eta zeha­tzagoa eman zuen: “Çeren anhi­tz moldez eta differentqui minçatçen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian, eta bertçe anhi­tz lekhutan”, alegia, egungo zazpi lurraldeetan, baina baita beste hainbat bazterretan ere.

Erdaraz, lurraldearen mul­tzoak ez du izendapen bakar bat hartu, autorearen arabera. “Kantabria (…) Ebroren lurraldea da, eta I­tsaso Ozeanoarena, eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako probin­tziena, eta erresuma honena Fran­tziaraino”, horixe ida­tzi zuen Antonio Chavierrek 1686ko Fueros del Reyno de Navarra idazlanean. Cervantesek, bere garaian ohi zen bezala, vizcaino deitu zien euskaldun guztiei, eta La gran sultana idazlanean (1615), ñabardura bat gehitu zion, adierazi zuenean Bizkaia “Nafarroaren marran [dagoela], Espainia aldamenean”.

Kantabria, Bizkaia… edo Nafarroa. Autore ba­tzuk ohartu ere egin ziren Herrialde Katalanetan euskaldun guztiei dei­tzen zietela nafarrak, bereizketarik gabe. Ez dira gu­txi “Nafarroa” lurralde osoan barrena heda­tzen duten mapak, eta tradizio horrek luzaro iraun zuen, Sabin Arana arte. Aranak ere horren berri u­tzi zuen. Izen horiez guztiez gain, Nafarroako Erresumaren Diputazioarena aipatu behar da. 1672an, hain zuzen, “Euskal Nazio osoa” dei­tzen zion “bere semeei eta [Erresumako] bertakoei, eta Bizkaiko Jaurerrikoei eta Gipuzkoa eta Arabako Probin­tziakoei”.

Lurralde osoari dei­tzeko izen horien guztien ondoren, beste berri ba­tzuk gehitu ziren XVIII. mende osoan. Mende horren hasieran, Joanes E­txeberrik “Escual-Herriari eta escualdun guztiei” aipatu zituen, eta hauxe ere adierazi zuen (1718): “Egun Eskualdun dei­tzen diren herriak, eta Eskuaraz min­tzo direnak dira xoilki Naffarroa garaja parterik gehiena; Naffarroa beherea; Zuberoa; Laburdi, Ippuzkoa; Bizkaia; eta Alaba herria; Herri hautan dago orai xoilki Eskuara kokkatua, eta erretiratua”. 1745ean, Manuel Larramendik an­tzeko definizioa eman zuen, eta izen berri bat proposatu; lehen aldiz, gainera, helburu politiko bat eman zion: “Zein arrazoi dago nazio pribilegiatu hau nazio bat bereiz izan ez dadin, nazio bat berez, nazio bat solte eta besteetatik independente? (…) Zergatik Espainiako hiru probin­tzia, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia (eta, zer esanik ez, Nafarroako erresuma) izan behar dira Gaztelaren mendeko, eta beste hiru, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, Fran­tziaren mendeko? … Eska diezaiogun ba­tzuei zein besteei, eta Pirinioetako Probin­tzia Batuak deituko gara”.

1786an, Diego Lazkanok Ensayo sobre la nobleza de los Bascongados, i­tzuli zuen, eta bertan zehaztasunez definitu zuen gure lurraldea: “Egun, euskaldun dei­tzen zaie Nafarroa Garaiko biztanleei, arabarrei, gipuzkoarrei eta bizkaitarrei, Espainiako Erregea onar­tzen dutenak, eta Nafarroa Behereko biztanleei, zuberotarrei eta lapurtarrei, Fran­tziako koroaren obedien­tziakoak. Herri horiek guztiek hizkun­tza bat eta bera dute, gaztelarrek Bascuenze, fran­tsesek Basque eta, Herrialdean, bertakoek Huskara edo Heuskara”.

XIX. mendean, gure herrialdeko kartografia gero eta zeha­tz eta oparoagoa egin zen, bidaiariak, antropologoak eta hizkun­tzalariak zabal­tzen ari ziren ikuspegiarekin bat etorriz. Haatik, lurraldearen erdarazko izenak ugaritu egin ziren, bateratu ordez: “Nafarroari eta Baskongadei Espainiako Probin­tzia Batuak dei­tzen zaie (…) Fran­tziako eta Espainiako bi mugen barnean bizi arren, izaera eta i­txura guztiz berezia dute, Fran­tziazkoaz eta Espainiakoaz bestelakoa”, halaxe ida­tzi zuen Von Humboldtek 1801ean.

1817an, Victor Joseph Étienne Jouy bidaiari eta jakin­tsu fran­tsesak gure lurraldearen beste zirriborro zeha­tz bat egin zuen eta, urte gu­txiren buruan, Lehen Karlistaldiaz geroztik batez ere, kartografia abera­ts bat heldu zen haren lorra­tzean: “Euskaldunak Pirinioen mendebaldeko alde banatan bizi dira; nazio horren gehiengoa Espainiaren mendeko da, eta Nafarroa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleak dira. Euskaldun fran­tsesak lurralde ­txiki batean bil­tzen dira Pirinioen iparraldean, hiru eskualdetan banaturik, Nafarroa Beherea (Benabarre), Zuberoa eta Lapurdi (Labort) izenekoak. Hiru horiek, Biarnorekin batera, Pirinio Apalen departamendua edo probin­tzia era­tzen dute”.

Mende honetan, alemaniar kartografiak interesez eta profesionaltasunez marraztu gintuen bezala, bidaiariek eta zien­tzialariek sarri askotan ida­tzi zuten euskaldunen lurralde misterio­tsuaren gainean. Züge durch die Hochgebirge und Thäler der Pyrenäen idazlanean (Berlin, 1825) Wilhelm von Lüdemann-ek adierazi zuenez, euskaldunen “zati handienak Espainiako zetroa onar­tzen du eta, ia esklusiban, Nafarroa Garaian, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi dira, eraztun baten gisa Bizkaiko Golkoaren inguruan antolaturik. Lurralde ­txikienean, berriz –70.000 familia baino gu­txiago–, Pirinio Apalen departamendu fran­tseseko herritarrak dira (…) Euskaldunek berek beren lurraldea bereizten dute, eta Hescual-herriac dei­tzen diote (Euskal Herria) (…) euskaldunak ez du beste sorterririk ezagu­tzen bere mendietatik landa”.

XIX. mendea hiztegi en­tziklopedikoen aroa da. 1833an, Eugène Garay de Monglaveren Dictionnaire de la Conversation plazaratu zen Parisen eta, bertan, garai hartan erabil­tzen ez zen koronimo bat berreskuratu zuen: “Egungo Kantabria, Pirinioen ingurumariko bi isurialdeetako garaiera nagusietan bil­tzen diren 800.000 gizabanako inguruk osatua, zazpi probin­tziatan bana­tzen da, horietatik hiru Espainian, eta lau Fran­tzian. Espainiako hiru probin­tziak Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia dira, euskaraz “Nafarrua”, mahastien herria. Fran­tziako probin­tziak, berriz, honako hauek dira: Lapurdi (“Laphhur-duy”, bakardadea), Nafarroa Beherea (euskaraz Garazi, iturri askotako herrialdea), Amikuze (“Amieuze”) eta Zuberoa (“Sola”) (…) Euskaldunak Pirinioetako iparraldean edo hegoaldean bizi dira, eta irudi du a­tzerriko kolonia bat direla, Espainiako eta Fran­tziako probin­tzietan kokatua. Haien odolak, ohiturek, hizkun­tzak, usadioek, hesi bat al­txa­tzen dute haien eta inguruko guztiaren artean”.

Hiztegi espainiarrek bide beretik jo­tzen zuten: “Herrialde hauek, iberiarren arraza zaharraren azken aztarnak, mendebaldeko Pirinioen bi isurialdeetan koka­tzen dira, Fran­tzia eta Espainiaren artean, eta 918.000 arima inguruko biztanleria dute, zazpi probin­tziatan banatuta, lau espainiar eta hiru fran­tses”, horixe irakur dezakegu 1883ko Diccionario General Etimológico de la Lengua Española liburuan. Bost urte geroago, Novísimo Diccionario Enciclopédico de la Lengua Castellana agertu zen. Bertan irakur daitekeenez, euskaldunak “Pirinioetako bi isurialdeetan bizi dira, Baskongadak izeneko hiru probin­tzietan, Lapurdi eta Zuberoa herrialde fran­tsesetan, eta Nafarroa Garaian zein Nafarroa Beherean, alegia, Espainiako zein Fran­tziako Nafarroan”. Definizio horiekin batera, ugaritu egin ziren “ahozko kartografia” hori marrazten eta eduki grafikoz bete­tzen zuten mapak.
Eta euskal ahozko zein ida­tzizko literaturan, ezin konta ahala errepika­tzen dira adibideak, hala nola Jean Martin Hiribarrenen 1853ko hau:

Nafarroa-Behera, Chubero, Laphurdi
Franciari ci­tzaizcon partitetan geldi
Españiaco dire Nafarroa gora
Alaba, Guipuzcoa, Bizcaia ederra

Agosti Xaho kazetari eta hizkun­tzalariak zein Anton Abbadia filantropo handiak, 1851tik lore joko edo euskal jaien susta­tzaile nagusiak, zazpi lurraldeen batasun hori nabarmendu zuten. Biek ere Zazpiak Bat gure armarri ezaguna sor­tzeko giroa ereiten lagundu zuten, XIX. mende hondarrean diseinatua. Eta hala armarria nola goiburua ez zi­tzaizkion oharkabean joan Abandoko Sabin Arana idazle erreboltariari: ideia hori bereganatu eta garatu egin zuen.

XIX. mendearen hondarrean, foruzaletasunaren eta kultur mugimendu euskal­tzaleen goraldian, euskal herritar ugarik gure batasun geografikoa nabarmendu zuten. Grazian Adema Zaldubi-k hauxe adierazi zuen 1894an: “Fran­tziako eta Espainiako eskualdun guziak, jendakia bat berbera gare. (…) Horrela, zazpi Eskual-herriak elgarri lothuz egiten dire zazpiak bat. Laphurdi, Basanabar, Sibero, Fran­tzia aldetik, Nabar, Gipuzko, Bizkai eta Alaba, Espainia aldetik”.

Ordukoa, Euskal Herriaren kartografia peto-petoa zen jada, askotan gaztelaniaz vasco-navarra izendatua, eta gure lurralde osoa bil­tzen zuen. Izan ere, Euskal Herriko kultura erakunde berriek kartografia hori bul­tzatu zuten, Eusko Ikaskun­tzak bereziki, aldundien lagun­tzaz. A­tzerrian, bidaia liburuek eta gidek gure herrialdearen (Basque Country, Baskenland, Paesi Baschi, Pays Basque eta abarren) kartografia eta ahozko definizioak barreiatu zituzten. Bada, Romilly eta Katharine Fedden-ek hauxe adierazi zuten: “Zaspiak-bat, l’Eskual Herria of Basque song and story. Of these, three are in France: Labourd, capital Bayonne; Basse-Navarre, capital St, Jean-Pied-de-Port; La Soule, capital Mauléon; and four are in Spain: Guipuzcoa, capital San Sebastian; Biscaye, capital Bilbao; Alava, capital Vittoria; and Navarre, capital Pampeluna” (The Basque Country, Londres, 1921).

Zentralizazio eta identitate periferikoen jazarpen handieneko garaietan ere ez zi­tzaion Euskal Herriaren soslaia argitara­tzeari u­tzi. Pio Barojak hauxe zioen 1953ko El País Vasco bere lanean: “Espainiako Euskal Herria lau probin­tziak osa­tzen dute: Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaia, eta hiriburu dituzte Gasteiz, Donostia, Iruñea eta Bilbo. Fran­tziako Euskal Herria, berriz, hiru probin­tziak osa­tzen dute: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa”. An­tzeko definizioak irakur­tzeko parada izan dugu idazle falangistetan, adibidez, Manuel Iribarren Paternain (Navarra, ensayo de biografía, 1956) edo Jose Maria Iribarren (Vocabulario Navarro,1952): “Euskalerria: Euskal Herriari (País Vasco) ematen dioten izena, alegia, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa Espainian, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea (Benabarre) eta Zuberoa Euskal Herri fran­tsesean (país vasco-francés). Euskalherria-k, euskaraz, euskoen edo euskaldunen herria esan nahi du”. Beste ba­tzuek, gero, iturri tradizional horietatik edan zuten, hala nola Enciclopedia Salvat (1967), Enciclopedia Larousse (1972), Espasa-Calpe (1994) eta abar, eta denek oso an­tzeko definizioak dituzte.

Bada, gure lurralde honen omenez egin da atlas hau. Ohartuko zara, irakurle agurgarria, lurralde hau Asturiaseraino eta Errioxako, Oskako edo Biarnoko inguruetaraino ere hel­tzen dela ba­tzuetan, eta beste ba­tzuetan, berriz, probin­tziako mapetan eta beste unitate politiko ba­tzuetan zatikaturik ageri dela: Probin­tzia Baskongadoak deitu horiek, edo Euskal Herri kontinentala, Pays Basque delakoa. Azkenean, ordea, beti dago aspaldiko mendeetatik argi eta garbi definitu den herri bat eta, hamaika izenen a­tzean (Humboldtek deitoratu zuen bezala), beti existitu zen Baskonia zaharra, erdaraz, Euskal Herria bertako hizkun­tzaz, euskaraz.

Hasiera
Liburua erosi
Bilatu