Skip links

Aurkezpena

Euskal Herria: kartografia historikoaren atlasa

Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga

Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga

UPV-EHUko Katedraduna Historia garaikide sailean. Emeritus. Biography & Parliament, Ikerketa taldekidea (www.ehu.eus/eu/web/biography-parliament/–/joseba-agirreazkuenaga). 2019ko deialdian, EUSKADI Ikerkun­tza saria (Giza eta Gizarte Zien­tzien arloa. Hezkun­tza saila. Eusko Jaurlari­tza). ICHRPIko Presidentea (International Commission for the History of Representative and Parliamentary Institutions) 2015-2023an. 27 liburu argitaratu ditu, hala nola The Making of the Basque Question (2011) eta Euskal Herritarren Burujabe­tza (Irun, 2012). 99 kapitulu liburu monografikoetan, 86 artikulu indexatutako aldizkari zientifikoetan.

Hi­tzaurrea

Esku artean duzun en­tziklopedia ikusgarri eta eder hau sendoa da edukiz, eta zorro­tza irudikapen kartografikoak hauta­tzeko orduan. Azken milurteko honetako irudikapen horiek Euskal Herriaz edo Euskal Herriko lurraldeei buruzkoak dira. Egileak bertokoak baino gehiago kanpotarrak dira. Ikerketa eta bilduma lan honen autoreek pen­tsatu dute sarrera lerro hauek sina­tzen dituen hau aurkezle egokia izan zitekeela, eta zinez esker­tzen diet konfian­tza hori. Ni, ostera, ez nago hain seguru. Kartografia historikoan, urte luzetako pazien­tzia behar da aditu bihur­tzeko. Iraupen luzeko esperien­tziaren eta azterketa kritikoari nekagai­tz lo­tzearen bidez lor­tzen da espezializazioa. Gainera, bildumagilearen grina ere eska­tzen du, gaian trebea eta jakin-minez mugagabea. Bada, bertute horiek bat egiten dute bi egileotan eta ezaguna zaidan haien ibilbidean.

Ez gaude obra arrunt baten aurrean; hauxe bi iker­tzailek egindako ibilbide baten emai­tza da. Iker­tzaile horiek euskal herritarren irudikapen kartografikorako grina, modu independentean, mapa-ekoizpenaren ezagu­tza kritiko bihurtu dute. Beren hi­tzaurreek lan honek lortu nahi dituen helburuak eta kezkak azal­tzen dituzte eta, aurkezpen honetan, horiek ikuspegi historiografikoz janzten saiatuko naiz.

1892an, Anton Abbadiak “Euskaldun Bestak” antolatu zituen Donibane Lohizunen, “Zazpiak Bat” goiburuaz Euskal Herriko zazpi lurraldeetan 40 urtez ospatu ziren euskaldunen jaiak. Bere azken hi­tzaldian, Abbadiak aho­tsa i­tzal­tzen ari zi­tzaiola aitortu zuen, eta berriro ere Zazpiak Baten batasunaren balioa ekarri zuen gogora. Ondoren, zutik, parte har­tzaile guztiek euskal ereserki nazionala abestu zuten: Gernikako Arbola.

Bere aldetik, Societé d’ethnographie nationale et d’art populaire-k euskal ikasketen kongresu bat antolatu zuen Donibane Lohizunen 1897ko abuztuaren 15etik 22ra bitartean, Congrès de la Tradition Basque, eta Bidasoaren bi aldeetako iker­tzaileak gonbidatu zituen, Zuberoa, Beasain eta Bilboko ber­tsolari eta dan­tzariekin batera. Bil­tzar horretako kronikaren arabera, zazpi probin­tzia ahizpez osa­tzen den Euskal Herriaren loriak abestu ziren (« pour les gloires de la chère Eskual-Herria, des sept provinces soeurs »). Gipuzkoako Aldundiko presidente Manuel Lizarriturri liberal kon­tserbadoreak « le caractère des habitan­ts de Euskal-Erria » gore­tsi zuen, eta honela amaitu: « Je bois enfin à la langue, aux traditions, en un mot à la race de ceux qui, avec juste fierté, se disent  les fils des Zazpiak bat, et servent de trait d’union entre les deux nations sœurs faites pour toujours s’aimer et s’entendre, La France et l’Espagne ».

Hizlarietako batek, Société des sciences, lettres et ar­ts de Pau erakundeko Adrien Planté lehendakariak, « Les Basques ont-ils une histoire? » izeneko idazki bat irakurri eta argitaratu zuen (“Euskaldunek ba ote dute historiarik?”). Ez zegoen zalan­tzarik fran­tsesek edo espainiarrek, beren nazio-estatuetako “herritarrak” ziren neurrian, historia bazutela. Antola­tzaileetako batek, Donibane Lohizune herriko auzapezak, Albert Goiene­txe doktoreak, hauxe eran­tzun zion Plantéri: « Les Basques sont comme les femmes honnêtes: ils n’ont pas d’histoire ». Donibane Lohizuneko mediku ospe­tsuaren interpretazio ma­txistak euskal naziotasunaren sendotasunaz galde­tzeko balio izan zion hizlariari: «Qu’est-ce qui a fait la force de la nationalité basque? ». Izan ere, Europako pen­tsamendu kolonialaren goraldi handienean uler­tzen zen bezala, euskaldunek historiarik ez zuten, baina A. Planték azaldu zuen beren konstituzioen, foruen erakunde sozialei esker, euskaldunak herri legegilea zirela, bere ohitura eta lege sisteman emakumeen eskubideak errespeta­tzen zituena.

XVIII. mendean, ohikoa zen bereizketa egitea nazio kultuen eta barbaroen artean. Bigarren horien artean, gramatika eta hiztegirik ez zutenak zeuden. Beraz, euskararen­tzat eta euskaldunen­tzat a­tzeraezina zen gramatika eta hiztegia on­tzea. Egitasmo horiek Manuel Larramendik (1690-1766) gauzatu zituen, El Imposible vencido. Arte de la Lengua Bascongada izeneko gramatika (1729) eta Diccionario trilingüe del castellano, vascuence y latín hiztegia (1745) eginez eta argitaratuz. Hori, ordea, ez zen nahikoa izan. Izan ere, XIX. mendearen erdialdean, Friedrich Engelsek azaldu zuen bezala, independen­tzia lortu ez zuten herriek, euskaldunek, adibidez, ez zuten bizitasun nahikorik agertu eta, beraz, mapatik at geratu ziren. Iraganekoak omen ziren, historiarik gabeko herriak, eta horixe bera gerta­tzen zen europarrek Amerika, Afrika edo Australiako kontinenteetan kolonizatutako herriekin. Nahikoa zen ustezko historia gabezia hori ukapen zibil eta politikoak justifika­tzeko, eta kolonialismoa praktika­tzeko.

1801ean Wilhelm von Humboldtek “zorigaiztoko herri honek bere izenaren batasuna ere galdu du” adierazi zuenean, hauxe esanez bukatu zuen: “Euskal Herri fran­tsesean, probin­tzia baskongadoetan eta Nafarroan barreiatutako herri osoa: euskaldunak [dira]”. Urte ba­tzuk geroago, Richard Ford bidaiari britainiarrak hau ida­tzi zuen: “The Basques call themselves Euscaldunac, their country Euscaleria (sic), and their language Euscara”. Aldiz, Joanes E­txeberri (1688-1749) mediku eta saiakeragileak bere idazlanetan zioen bezala, euskaraz idazten zutenek ohikoa zuten, eta begi bistakoa zi­tzaien, iraganeko euskaldunak aipa­tzea, baita Euskal Herria izena bera ere Zuberoatik Bizkairainoko lurralde osoa adierazteko.

Subjektu eta eragile horiek, euskaldunak, ez dira denboragabeak, ezta “berezkoak” ere, eta hainbat mapetan grafikoki irudikatu den espazio batean bizi dira, eta kontakizun eta istorioen bidez bere buruaren jabe ageri zaizkigu. Hartara, gehiago edo gu­txiago, beren buruaren kon­tzien­tzia, ipseitatea eraku­tsi dute. Euskaldunen borondatea eta esperien­tziak azter­tzea eta irudika­tzea espazioan, historialariei eta kartografoei dagokie, baina ez bakarrik, poetek, nobelagileek edo dokumentalen ekoizleek ere haiei buruzko ikuspegiak aldatu eta birsor di­tzakete (baita manipulazio anakronikoak egin ere). Horregatik, gogoeta kritikoa egin behar da eta, zorroztasun zientifikoan oinarrituz, ondo dokumentatutako lanak burutu, jakinik ere edozein lan zientifiko berraztertua izan daitekeela, behin behinekoa delako. Estatuak, nazioak, herriak, eraikun­tza diskur­tsiboak ere dira, beharrezkoak ditugu bizi­tza komunerako, eta denboraren joanean sortu, garatu eta eralda­tzen dira. Historiaren bidez, historikoki pen­tsa­tzen ikasten dugu, ziklo laburrak eta iraunaldi luzeak aztertuz; kartografiaren bidez, ostera, gure memoria zehazten eta finka­tzen lagun­tzen duen gunea asmatu eta sor­tzen dugu.

En­tziklopedia bisual honen helburua da dokumentu kartografikoetan eta mapetan euskaldunei eta haien lurraldeari buruz egin den irudia erakustea. Gogoeta eta bilketa sistematiko eta selektiboko ariketa bat da, azken milurtekoan euskaldunen espazioa irudika­tzeari buruzkoa.

Estrabon geografo greko-latinoak (K.a. 64 – K.o. 21), gure aroko lehen mendean Iberiar Penin­tsula iparraldeko herriak deskribatu zituenean, gens edo ahaide zabaleko talde gisa sailkatu zituen, baina Erromatar Inperioaren amaieran, lurraldeak adierazten zituen toki bateko biztanleak: Baskoniak baskoiak, eta Barduliak barduliarrak, Gipuzkoako egungo lurraldean gehienbat.

Erdi Aroaren amaieran, historia uniber­tsaletik abiatuz historia partikularrak sortu eta asmatu ziren. Lurraldeak, orubeak, eta ez gens edo ahaideak, nortasun adierazle bilakatu ziren, historia uniber­tsalaren atal eta erreferen­tzia-puntu. Lan honetan ikusiko duzun Saint-Sever monasterioko mapamundian, mundua ozeanoez inguratuta ager­tzen da, eta XI. mendeko Apokalipsia azal­tzeko balio du. Denbora eta espazioa konbina­tzen dituen mapa bat da, baina gainera, monasterio hura Wasconia izeneko lurraldean dago irudikatuta, eta lurralde hori Gallicia izeneko beste baten mugakidea da, Pirinioetako mendiak Galiziatik Gironaraino heda­tzen baitira; ikuspegi horrek, izan ere, gu­txienez 1930era arte iraun zuen Fran­tziako geografian. XI. mendean, Baskonia Pirinioetako bi hegaletan heda­tzen zen. VII. mendean, Ravenako geografo anonimoak jada, baskoien den­tsitate handia eraku­tsiz Guasconia edo Vasconum patria eta Spanoguasconia aipa­tzen ditu.

Euskaldunei buruz gorde­tzen den kartografia inprimatua eta informazioa XVI. eta XVII. mendeetan zabaldu zen, bereziki euskaldunen i­tsas zibilizazioa orduan ari zelako heda­tzen. Hurrenez hurreneko mapetan, Kantauri i­tsaso, Bizkaiko itsa­so, mer des Basques edo Bizkaiko golkoaren kostaldean bizi ziren biztanleek zuzenean parte hartu zuten mundializazio edo globalizazioaren orduko fenomeno berrian, horretan Ozeano Atlantikoko europarrek izan bai­tzuten protagonismoa. Getaria Gipuzkoako Juan Sebastian Elkano merkatari eta nabiga­tzailea, Bermeoko Juan (“Johan”) Acuriorekin eta Europako beste hainbat naziotako nabiga­tzaile ausartekin batera, lehen mundubiraren buru izatea ez zen zoriaren ezusteko bat izan. Bizkaiko golkoa on­tziola handi bat bihurtu zen, era guztietako i­tsason­tziak eraiki­tzeko gai, eta bertako merkatariek gaitasun finan­tzario nahikoa izan zuten beren monarkien zerbi­tzura asmo handiko proiektuak abian jar­tzeko. 1511n Bilboko Kon­tsulatua (Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban jurisdikzioa zuena) sor­tzea izan zen errealitate horren adierazpen instituzionala. Gainera, Baiona eta Donibane Lohizune ekonomikoki indarberriturik hazi ziren eta, aldi berean, i­tsasbideak fran­tsesez, gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu ziren XVI. mendetik XVIII. mendera bitartean, baita euskal eskola bat sortu ere Ternuako kalak kartografia­tzeko, Europako kostalde atlantikoetan hartutako esperien­tziatik abiatuz. Karta nautikoak, i­tsasbideak, arran­tzale, merkatari eta nabiga­tzaileek asko estima­tzen zituzten dokumentuak ziren. Flandestarrek eta holandarrek, ordea, mapak heda­tzeko eta merkatura­tzeko industria bat sortu zuten. Mapa horietatik, lan honetan, Euskal Herriari buruzkoak azaldu eta komenta­tzen dira.

Esteban Garibai (1533-1599) Errenazimentuko historialari handi bihurtu zen. Garibaik ederki azaldu zuen Leinu Gerretan protagonismoa izan zuten handiki edo jaun­txoen euskal gizartetik espainiar monarkia konposatu berrirako tran­tsizioa, monarkia horren espan­tsioak mugarik ez zuela zirudienean. Garai horretan, botere ugari lehia­tzen ziren buruz buru, eta botere bakoi­tzak bere kontakizunen gaiak aukera­tzen zituen. Ba­tzar Nagusietan kondaira eta narrazio berriak ondu ziren Fran­tziako eta Espainiako monarkia konposatuen testuinguruan, beren eremuan botere publiko baten kudeaketari eusteko. Gipuzkoa 1578an kartografiatu zen informazio eta toponimia zeha­tzarekin, Esteban Garibairen ekimenez, segur aski, Anberesen bai­tzebilen 1571 eta 1572 bitartean, bere Los Quarenta Libros del Compendio Historial lanaren edizioa presta­tzen. Bizkaiko gobernuak, Ba­tzar Nagusiek aukeratuak, Bizkaiko mapa bat egitea ere agindu zuen 1591n, lurralde hori Flandesen argitara­tzen ari zen mapamundian ager zedin. Aldiz, ez zen egin ahal izan. Beste muturrean, Nafarroako Erresuma kartografiako lurralderik oparoena izan zen XVI. mendetik. Dena den, 1512 eta 1524 artean Gaztelak konkistatu berri zuen Nafarroako Erresumaren mapaketa edo kartografia, Erresumaren estatusa aitor­tzeko ekin­tza bat izateaz gain, helburu militarren ondorioa ere izan zitekeen. Izan ere, mapak, karta nautikoak bezala, armada lehiakideen ibilbide eta gida ziren. XVI. mendeaz geroztik, Europako monarkia fiskal-militar eratu berriek kartografiaren bidez lurraldeak gertutik ezagutzeasustatu zuten.

Ohitura eta praktika politikoak, hala nola foruak, testu inprimatuan argitara­tzeak adi­tzera ematen zuen corpus politiko eta juridiko hori onartuta zegoela eta legezkoa zela, inprima­tzeko beharrezkoa bai­tzen koroaren baimena. Era berean, mapa bat ekoizteak eta finan­tza­tzeak lurralde horren errekonozimendu publikoa eskura­tzen lagun­tzen zuen. Horregatik, XIX. mendean, euskal agintariek Euskal Herriko hainbat lurralde mapa argitara­tzeari ekin zioten.

Era berean, XXI. mendean kartografia historikoa ekoi­tziz eta zabalduz, hemen egin dugun bezala, Euskal Herria – Baskonia berrirakurri, ospatu eta aitor­tzen dugula adierazten da.

XVII. mendean, eszeptizismo eta erlatibismo filosofikoaren garaian, zien­tzia historikoak gara­tzeko kritika dokumentalaren oinarriak ezarri ziren. Testuinguru horretan, Arnaut Oihenartek (1592-1668?), Zinbidetako edo Zuberoako herri xehearen abokatu eta Nafarroako Parlamentuko legelariak, historia bat argitaratu zuen: Notitia Utriusque Vasconiae, tum Ibericae tum Aquitanicae (“Bi Baskonien berri, bai Akitaniakoa, bai Iberiakoa”). Idazlan horretan, subjektu historiografikoa “vasconicus (…) da, latinez kantabriar dei­tzen direnak, fran­tsesek Basques edo Biscayans eta espainiarrek Vascongados dei­tzen dituztenak”. Oihenartek euskal kantabrismoaren mitoa kritikatu zuen, foruei buruzko Ba­tzar Nagusien diskur­tso historikoaren oinarria zena. Bere garaikideak, Josef Moret Nafarroako Erresumaren kronikariak, Nafarroaren historia argitaratu zuen, Espainiako monarkia konposatuaren ikuspegitik egokitua. Ipar Euskal Herrian, XVIII. mendean, ikuspegi orokorra lan­tzen jarraitu zuten, eta Joan Filipe Bela zuberotarrak “zazpi” lurraldeetako euskaldunen historiak ida­tzi zituen. 1765ean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen baitan, euskal “historia nazional” bat idazteko premia adierazi zen.

XIX. mendeko iraul­tza liberalean, Espainiako eta Fran­tziako nazio-estatuetako akademiek eta uniber­tsitateek herritar nazional berrien ideiarekin bat zetorren iragan bat asmatu zuten. Era horretan, iragan historikoa fran­tses eta espainiar moldera nazionalizatu zen, eta euskaldunen historia, berriz, zokoratu edo desagerrarazi, kulturara eta folklorera murriztuta gera­tzeraino. Haatik, Arturo Kanpion eta Carmelo E­txegarai historialariek kondaira eta mitoetatik urrun zegoen euskal historia berritua bul­tzatu zuten, eta zien­tzia historikoen metodologia kritikoan oinarri­tzen zen. Ikuspegi hori 1918an Eusko Ikaskun­tza sortu eta gero garatu zen, Angel Apraiz idazkari nagusi eta katedradunaren ekimen berri­tzaileari esker. Euskal Herriko mapa bat egitea sustatu zuten, eta Bonifacio E­txegaraik Espasa En­tziklopediako “Vasconia” sarrera argitaratu zuen 1929an, ikuspegi politiko-instituzional sintetizatu bat marraztuz. Bi urte geroago, berriz, eragin erabakigarria izan zuen 1931n ida­tzitako “Euskalerrien­tzako Sortarau Asmoa” estatutu aurreproiektua presta­tzeko lanetan, baita 1936an egitekoa zen Eusko Ikaskun­tzaren VII. Kongresuarenetan ere, Historiako gaiak azter­tzeko aurreikusia.

Testuinguru horretan, zien­tzia historikoetatik argitaratutako ekarpenik berri­tzaileena Theodore Lefebvrek egin zuen (Les modes de vie dans les Pyrénées atlantiques oriental, Paris, A. Colin, 1933), azken 500 urteetako euskal zibilizazio materialaren eraketa eta garapena azal­tzeko ikerketa bikaina. Gainera, lan horrek Euskal Herriko historia ekonomiko-sozialaren lehen atlasa bil­tzen du. Urte ba­tzuk geroago, Julio Caro Barojak Los Vascos. Etnología argitaratu zuen 1949an, euskaldunen historiaren azterketa berri­tzailea ere. Ikerlan horrek, ikuspegi sintetizatu batez, Bonifacio E­txegarairen obra zein Th. Lefebvrek landutako zibilizazio materialaren historia osa­tzen zuen.

Bere aldetik, Ameriketako erbestean, Jose Antonio Agirre lehendakariak Eusko Jaurlari­tzaren zilegitasun demokratikoa sustatu eta aldezten zuen eta, gainera, Columbia Uniber­tsitateko ikasleei horixe azaldu behar zien. Ondorioz, erakunde berri horretarako, Euskal Herriaren historia berritua behar zuen eskueran, etorkizunez beteriko historia bat. 1947an, ponen­tzia bat aurkeztu zuen Miarritzen, Eusko Ikaskun­tzaren VII. Kongresuan eta, Ildefonso Gurru­txagarekin batera, diktadura frankistak baldin­tzatuko ez zuen historia berri bat lan­tzea bul­tzatu zuen. Buenos Airestik zein Renotik, Nevadako Uniber­tsitatetik, euskaldunen iraganari buruzko gogoeta berriak sortu ziren, euskaldunak bere osoan har­tzen zituztenak.

1980an, Historia de Euskal Herria argitaratu genuen bi liburukitan, 192 mapaz ilustratua, kartografia historikoa tartean. Historiaren ezagu­tzaren egarria zegoen euskal gizartean eta orduan hasi ziren kartografia historikoko lanak iker­tzen.

Bergarako Urrutiko Uniber­tsitatean, UNEDen, 1984an, Felix Ugartek eta Juan Madariagak kartografia historikoari buruzko ikerketa proiektu bati ekin zioten, eta Felix Ugartek, 1989an, Euskal Herriko kartografia historikoari buruzko ikerketetan fun­tsezko lan bat argitaratu zuen, ernamuin bat eta erreferen­tziazkoa: Kartografia. Euskal Herriari buruzko kartografia historikoa (1900 aurrekoa). Lan horrek Euskal Herriko kartografia historikoari buruzko lehen aurkibide sistematikoa ondu zuen, eta horretarako Euskal Herriko, Espainiako zein Fran­tziako, Herbehereetako, Erresuma Batuko eta Italiako ar­txibo publikoen kon­tsulta sakona egin zuen, baita Jaime Rodríguez Solis-en bilduma pribatuan ere. Egin zuen kalkuluen arabera, ekoizpen kartografikoaren % 50 XIX. mendeko mapak dira, % 33 XVIII. mendekoak, % 8 XVII. mendekoak eta % 3 XVI.ekoak.

Bestalde, Euskal­tzaindiaren Azkue liburutegiak, Euskal­tzaindiaren Toponimia Jardunaldietan, kartografia historikoari buruzko erakusketak sustatu zituen: lehena 1986an egin zen Gasteizen, 161 mapaz osatua. 1987an, Urduñan antolatu zen, 161 mapa zituela, eta mapa bilduma hori Gernikan, Lei­tzan, Zarau­tzen eta Iruñean ere jarri zen erakusgai. 1990ean, Lizarra sor­tzearen bedera­tzigarren mendeurrena zela eta, euskal kultur erakunde horrek toponimiari buruzko III. Jardunaldiak antolatu zituen herri berean, baita 50 mapako erakusketa kartografikoa ere. Jose Antonio Aranak, Azkue liburutegiko zuzendariak, erakusketen katalogoak egin eta argitaratu zituen.

Gran Atlas Histórico del mundo vasco egin zenean, 18. kapituluak “Kartografia historikoa” azter­tzen zuen, eta bertan Felix Ugarteren ikerketa laburbil­tzen da, Jaime Rodríguez Solis-en bildumako 22 mapa historikoz osatutako bilduma batez ilustratua.

1994an bertan, liburu honen egileetako batek, Ramón Oleagak, Euskal Herriko kartografia historikoari lehen ekarpena egin zion, Bilboko Euskal Museoak antolatutako erakusketa baterako mapak hautatuz eta testuak ida­tziz. Erakusketa horren katalogoak Mapa Bilduma. Colección cartográfica izena hartu zuen. Ondoren, Bilbori eta beste herri ba­tzuei buruzko erakusketen zuzendari lanetan aritu zen eta, 2004an, formatu handiko 130 orrialdeko liburuki batean, Representación histórica de los territorios y lugares de Euskal Herria izenburuko lana argitaratu zuen, ekarpen erabakigarria Euskal Herriko kartografia historikoaren bilakaerako mugarriak uler­tzeko. Gerora, Gernikako Euskal Herria Museoak gordeta eta ikusgai dituen kartografia historikoko 66 mapak aztertu eta argitaratu ditu, eta azterlan monografiko bat ere egin du gaur arteko Bizkaiko kartografia historikoaren gainean.

Bestalde, Jose Maria Esparzak askotariko lan ugari argitaratu ditu. Tafalla sorterria aztertu du eta, ahalegin horretan, ezin aipatu gabe u­tzi memoria demokratikoaren ikasketetako ikerlan baten koordinazioa, 1986an bi liburukitan argitaratua: Navarra 1936. De la Esperanza al Terror. Nafarroako herrien ahozko kartografia lana ere bada, errepresio frankistari buruzkoa, Nafarroa garaikideko iragan hurbileko beste irudi bat izaten lagundu ziguna. Esku artean duzun Imago Vasconiae lanari loturik, berriz, 2011n Mapas para una nación lana argitaratu zuen, 120 maparen bilduma; mapa horien aldamenean, Euskal Herriko lurraldeen irudikapenari buruzko iruzkin luze bana idatzi zuen. 2012an, Euskal Herria kartografian eta testigan­tza historikoetan heldu zen. Liburuok harrera beroa izan zuten, behin eta berriz edita­tzeak argi eraku­tsi duen bezala. Azkenik, Esparzaren beraren Vasconavarros. Guía de su identidad, lengua y territorialidad nabarmendu behar da, 2012an plazaratua, eta aurkezten ari garen lanaren zuzeneko aurrekaria.

Eskarmentuan eta etengabeko ikerketan oinarrituz, bi egileek beren ezagu­tzak eta ahaleginak uztartu dituzte Euskal Herriko lurraldeen irudikapen grafikoaren irudia eta bilakaera defini­tzen dituzten mapak argitaratu eta zabal­tzeko.

Lan honek kartografia historikoari buruzko formatu handiko beste argitalpen ba­tzuen lorra­tzari heldu dio, eta argitalpen horiek herri, komunitate politiko edota nazio baten kultura ondare kolektiboa gora­tzen eta ospa­tzen lagundu dute. Aipa di­tzadan, adibide baterako, ezinbesteko erreferen­tzia diren lau lan handi: El mapa de España. Siglos XV-XVIII; Cartografía de Galicia (séculos XVI ó XIX); Imago Cataloniae. Mapas de Cataluña, huellas de la historia; eta Andalucía. La imagen cartográfica hasta fines del siglo XIX.

Lan honen helburu nagusia, dena den, Rodney W. Shirleyk The Mapping of the Word. Early Printed World Maps. 1472-1700 eta History of Cartography lanekin abiatu zuen nazioarteko proiektuari ekarpen bat egitea ere bada, baita honako asmo hau ere: kartografia historikoari buruzko ikerketan jarrai­tzeko talde iraunkor bat eratu ahal izatea.

Ezagu­tza zientifiko oro interpretazio bat da, eta liburu hauxe ez da salbuespena. Euskal Herriari buruzko askotariko interpretazioek geure burua uler­tzen lagun­tzen digute, eta historia duten euskaldunei, euskal herritarrei buruzko eztabaida baterako dei bat dira, kon­tzien­tzia eta jakinduria historikoa duten subjektuak garen heinean.

Hasiera
Liburua erosi
Bilatu