Eman ta zabal zazu
munduan fruitua
Lurralde jakin batean bizi den munduko edozein herrik, naziok, estatuk edo erkidegok ospakizun handia du bere kartografia historikoa biltzen duen atlas bat lehen aldiz plazaratzea. Guk, ordea, Europako herri zaharrenetako batek, artean ere ez genuen atlasik.
Ptolomeoren II. mendeko Baskoniak, Leizarragaren XVI. mendeko Heuskal herria-k, XVIII eta XIX. mendeetako País Bascongado edo País Vasconavarro direlakoek eta, bukatzeko, egun Euskal Herria osatzen duten hiru erkidego politikoek (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Hirigune Elkargoa), hain zuzen, horixe falta zuten: munduko kartografian, beren bilakaera historikoa batera irudikatuko zuen mapa bilduma bat.
Ondo merezia genuen molde honetako lan bat sortzea, hain beharrezkoa gure hutsune bibliografikoan, eta hori gure jendearen izaeraren arabera egitea. Auzolanaren, herri lurren, kooperatibismoaren, kolektibismoaren eta gizarte elkartasunaren herrialdea gara.
Gogo horri irmo helduz, lan hau eskaini nahi dugu, autoreen lan desinteresatuari, editore, diseinatzaile eta itzultzaileen profesionaltasunari esker ondua. Ezinbestekoa izan dugu, halaber, Laboral Kutxaren lankidetza (gure herrialdearen kartografia zabaltzen aitzindari), artxibozain eta liburuzainen laguntza, eta hainbat lagun aberkideren zein kanpotarren ekarpen boluntarioa.
Guztia ere, Ad maiorem Vasconiae gloriam, gure Arturo Kanpionek esango zuen bezala.

