
Jose Mari Esparza Zabalegi
Tafalla, 1951. Industria maisutzako ikasketak egin zituen Iruñeko Salestarretan, eta Tafallako Victorio Luzuriaga fundizioan ibili zen lanean. 1985az geroztik, Altaffaylla Kultur Taldeko lantalde sortzaileko partaidea da. Jose Maria Jimeno Juriorekin aritu zen lankidetzan, eta oroimen historikoari buruzko lehendabiziko liburuak argitaratu zituen, hala nola Navarra 1936, genero horretan aitzindaria.
1988az geroztik, Txalaparta argitaletxea zuzendu du eta, hartara, 1.300 liburutik gorako katalogoa sortu, hala euskaraz nola gaztelaniaz. 30 urtez baino gehiagoz, hainbat aldizkari, elkarte, fundazio eta argitaletxe sustatu ditu. 30 liburu baino gehiago idatzi edo horietan kolaboratu du, askotariko gaiei helduz: tokiko ohiturak (kantutegia, jotak, lexikoa), euskal historia, saiakera politiko-historikoa eta Euskal Herriaren kartografia.
Ahozko kartografia
2011n, lehendabiziko kartografia liburu bat argitaratu nuen eta, orduan jada, harriturik adierazi nuen ez zegoela gure lurralde osoaren kartografia biltzen zuen atlasik. Gure lurraldea diot, aditzera eman nahiez gure lurralde baskoia, nafarra, euskalnafarra, nolanahi deitzen zaiola ere. Gure euskal lurraldeaz ari naiz: Euskal Herria.
Lehendabiziko ahalegin hori, beste helburu eta premia batzuekin egin genuen, baina mundu osoko kartografia gordailuak eta funtsak bisitatzen jarraitzeko oinarri bihurtu zen. Bada, horren emaitza duzu, irakurle agurgarria, bilduma eder hau, eta ez die deus inbidiatzeko unibertsitateen, estatu burujabeen, autonomia erkidegoen zein beste erakunde handi batzuen hegalpean argitaratu diren beste batzuei.
Bide horretan, Ramón Oleagarekin topo egin nuen ezustean, kartografiaren jakitun handia, eta bere herrialdearen zale porrokatua. Bada, Bilboko bizkaitar horren eta Ager Vasconum eskualdeko nafar honen arteko sinbiosiaren fruitu, Atlas hau sortu da. Mugarri bat, zalantzarik gabe, gure herriaren bibliografian zein kartografian.
Mapak, Juan Madariaga nire irakasle, historialari eta adiskideak dioen bezala, ez dira lurraldearen irudikapen hutsa; sortu ere egiten dute. Kartografia ez da instrumentu soila, kulturarako tresna ere bihurtzen da, askotan: barne eta kanpo identifikaziorako lan ideologiko bat betetzen du. Herrialde honetaz, Baskonia zaharraz, historian izan den ikuspegia ulertzeko adierazpen garrantzitsua ere bada.
Ehunka mapetan, kartografia bateratu bat deskubritu ahal izango dugu, hainbat zatiketa administratiboren artean, eta ez dira txikiak. Lehendabizi, hainbeste alditan elkarren kontra borrokatu diren bi estatu desberdinek eragin zituzten. Gero, berriz, askotariko lurraldeen arteko zatiketa dugu: Nafarroako Erresuma, Probintziak, Tierra de Vascos delakoa (Portuz Haranzko Lurraldea, edo Ultrapuertos). Gauzak horrela, nekeza ere egiten da Atlas honi izenburu egokia ematea. Gure herrialdeak hamaika izen izan ditu, Humboldtek berak 1805ean deitoratu zuen bezala. Wasconia edo UUasconia lehendabiziko koronimoaren ondoren, askoz gehiago etorri ziren, batzuetan mapetan adieraziak, eta askoz gehiago ahoz zein idatziz, nik “ahozko kartografia” deitu dudan horretan.
Bada, II. mendean, Ptolomeo geografoaren lanak baskoien lurraldea aipatu zuen lehen aldiz. Prudentzio poeta latinoak, Calahorra hiri baskoian jaioak, “ibai baskoia” deitu zion Ebrori. 393. urte aldera, berriz, Paulino Nolakoak, Vasconiae saltus aipatu zuen. Pliniok Vasconum Saltus eskualdeaz izkiriatu zuen, eta Tito Liviok Vasconum Ager eremuaren berri utzi zuen. Labur eta laster esateko, Baskoniako mendialdea eta ordeka adierazten dituzte, egungo Nafarroaren espazioan nagusiki. Baskonia hori Bortuetan, Pirinioetan hasi, eta Ebroren eskuinalderaino heltzen zen, garai bateko Calagurris eta Errioxa ekialdea ere bilduz, Hondarribia zein Oiartzun itsasorako irtenbide zituela. Ekialdetik mendebaldera, berriz, Baskonia Oska eta Zaragozako ingurutik, Segia eta Salduba barruan zirela, barduliarren, karistiarren eta autrigoien mugaraino hedatzen zen.
Geroago, Baskonia delako jatorrizko baskoien lurralde horrek eremu zabalagoa hartu zuen: euskal tribuak bizi ziren lurralde osoa. VI. menderako, Baskonian biltzen ziren egungo Araba, Bizkai eta Gipuzkoa, Ipar Euskal Herria eta Akitania. Luze gabe, ordea, Pirinioez iparraldeko zatira murriztu zen Baskonia izena, Garona ibaiaz hegoaldeko eremura mugaturik geratzeraino: Vasconia, Wasconia, edo Gaskoinia.
Mapa batzuetan, Nafarroa edo Navarra ikusiko dugu lurralde osoari deitzeko. Halaxe agertzen da testu zahar batzuetan, hala nola 1190eko agiri ingeles batean. Agiri horrek hauxe dio, zehazki: “Nafarroako erregearen lurraldea Huarce delako portuan hasten da (Oiartzun), eta Castroko uretaraino hedatzen da (Castro Urdiales, egungo Santanderren), hor bereizten baitira Nafarroako eta Gaztelako erregeen lurrak”.
1571n, Joanes Leizarraga Beskoitzeko lapurtarrak lehen aldiz aipatu zuen Heuscal-herria, eta, urte batzuk geroago, Joan Perez Lazarraga arabarrak berriz ere, gure herrialdearen beste muturrean.
1638an, Oihenartek bi Baskoniak aipatu zituen Notitia bere idazlanean: “Euskaldunak. Batzuk Iberian bizi dira, Pirinioez hona. Beste batzuk Akitanian, Pirinioez harat. Bizi dira, alde honetan, nafarrak, jakatarrak, arabarrak, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak; Pirinioez harat, gaskoiak eta baskoak”, azken izendapen horrekin adierazi nahirik Bortuz haranzko nafarrak. Bost urte geroago, 1643an, Pedro Axular idazle nafarrak Euskal Herriaren deskribapen moderno eta zehatzagoa eman zuen: “Çeren anhitz moldez eta differentqui minçatçen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian, eta bertçe anhitz lekhutan”, alegia, egungo zazpi lurraldeetan, baina baita beste hainbat bazterretan ere.
Erdaraz, lurraldearen multzoak ez du izendapen bakar bat hartu, autorearen arabera. “Kantabria (…) Ebroren lurraldea da, eta Itsaso Ozeanoarena, eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako probintziena, eta erresuma honena Frantziaraino”, horixe idatzi zuen Antonio Chavierrek 1686ko Fueros del Reyno de Navarra idazlanean. Cervantesek, bere garaian ohi zen bezala, vizcaino deitu zien euskaldun guztiei, eta La gran sultana idazlanean (1615), ñabardura bat gehitu zion, adierazi zuenean Bizkaia “Nafarroaren marran [dagoela], Espainia aldamenean”.
Kantabria, Bizkaia… edo Nafarroa. Autore batzuk ohartu ere egin ziren Herrialde Katalanetan euskaldun guztiei deitzen zietela nafarrak, bereizketarik gabe. Ez dira gutxi “Nafarroa” lurralde osoan barrena hedatzen duten mapak, eta tradizio horrek luzaro iraun zuen, Sabin Arana arte. Aranak ere horren berri utzi zuen. Izen horiez guztiez gain, Nafarroako Erresumaren Diputazioarena aipatu behar da. 1672an, hain zuzen, “Euskal Nazio osoa” deitzen zion “bere semeei eta [Erresumako] bertakoei, eta Bizkaiko Jaurerrikoei eta Gipuzkoa eta Arabako Probintziakoei”.
Lurralde osoari deitzeko izen horien guztien ondoren, beste berri batzuk gehitu ziren XVIII. mende osoan. Mende horren hasieran, Joanes Etxeberrik “Escual-Herriari eta escualdun guztiei” aipatu zituen, eta hauxe ere adierazi zuen (1718): “Egun Eskualdun deitzen diren herriak, eta Eskuaraz mintzo direnak dira xoilki Naffarroa garaja parterik gehiena; Naffarroa beherea; Zuberoa; Laburdi, Ippuzkoa; Bizkaia; eta Alaba herria; Herri hautan dago orai xoilki Eskuara kokkatua, eta erretiratua”. 1745ean, Manuel Larramendik antzeko definizioa eman zuen, eta izen berri bat proposatu; lehen aldiz, gainera, helburu politiko bat eman zion: “Zein arrazoi dago nazio pribilegiatu hau nazio bat bereiz izan ez dadin, nazio bat berez, nazio bat solte eta besteetatik independente? (…) Zergatik Espainiako hiru probintzia, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia (eta, zer esanik ez, Nafarroako erresuma) izan behar dira Gaztelaren mendeko, eta beste hiru, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, Frantziaren mendeko? … Eska diezaiogun batzuei zein besteei, eta Pirinioetako Probintzia Batuak deituko gara”.
1786an, Diego Lazkanok Ensayo sobre la nobleza de los Bascongados, itzuli zuen, eta bertan zehaztasunez definitu zuen gure lurraldea: “Egun, euskaldun deitzen zaie Nafarroa Garaiko biztanleei, arabarrei, gipuzkoarrei eta bizkaitarrei, Espainiako Erregea onartzen dutenak, eta Nafarroa Behereko biztanleei, zuberotarrei eta lapurtarrei, Frantziako koroaren obedientziakoak. Herri horiek guztiek hizkuntza bat eta bera dute, gaztelarrek Bascuenze, frantsesek Basque eta, Herrialdean, bertakoek Huskara edo Heuskara”.
XIX. mendean, gure herrialdeko kartografia gero eta zehatz eta oparoagoa egin zen, bidaiariak, antropologoak eta hizkuntzalariak zabaltzen ari ziren ikuspegiarekin bat etorriz. Haatik, lurraldearen erdarazko izenak ugaritu egin ziren, bateratu ordez: “Nafarroari eta Baskongadei Espainiako Probintzia Batuak deitzen zaie (…) Frantziako eta Espainiako bi mugen barnean bizi arren, izaera eta itxura guztiz berezia dute, Frantziazkoaz eta Espainiakoaz bestelakoa”, halaxe idatzi zuen Von Humboldtek 1801ean.
1817an, Victor Joseph Étienne Jouy bidaiari eta jakintsu frantsesak gure lurraldearen beste zirriborro zehatz bat egin zuen eta, urte gutxiren buruan, Lehen Karlistaldiaz geroztik batez ere, kartografia aberats bat heldu zen haren lorratzean: “Euskaldunak Pirinioen mendebaldeko alde banatan bizi dira; nazio horren gehiengoa Espainiaren mendeko da, eta Nafarroa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleak dira. Euskaldun frantsesak lurralde txiki batean biltzen dira Pirinioen iparraldean, hiru eskualdetan banaturik, Nafarroa Beherea (Benabarre), Zuberoa eta Lapurdi (Labort) izenekoak. Hiru horiek, Biarnorekin batera, Pirinio Apalen departamendua edo probintzia eratzen dute”.
Mende honetan, alemaniar kartografiak interesez eta profesionaltasunez marraztu gintuen bezala, bidaiariek eta zientzialariek sarri askotan idatzi zuten euskaldunen lurralde misteriotsuaren gainean. Züge durch die Hochgebirge und Thäler der Pyrenäen idazlanean (Berlin, 1825) Wilhelm von Lüdemann-ek adierazi zuenez, euskaldunen “zati handienak Espainiako zetroa onartzen du eta, ia esklusiban, Nafarroa Garaian, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi dira, eraztun baten gisa Bizkaiko Golkoaren inguruan antolaturik. Lurralde txikienean, berriz –70.000 familia baino gutxiago–, Pirinio Apalen departamendu frantseseko herritarrak dira (…) Euskaldunek berek beren lurraldea bereizten dute, eta Hescual-herriac deitzen diote (Euskal Herria) (…) euskaldunak ez du beste sorterririk ezagutzen bere mendietatik landa”.
XIX. mendea hiztegi entziklopedikoen aroa da. 1833an, Eugène Garay de Monglaveren Dictionnaire de la Conversation plazaratu zen Parisen eta, bertan, garai hartan erabiltzen ez zen koronimo bat berreskuratu zuen: “Egungo Kantabria, Pirinioen ingurumariko bi isurialdeetako garaiera nagusietan biltzen diren 800.000 gizabanako inguruk osatua, zazpi probintziatan banatzen da, horietatik hiru Espainian, eta lau Frantzian. Espainiako hiru probintziak Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia dira, euskaraz “Nafarrua”, mahastien herria. Frantziako probintziak, berriz, honako hauek dira: Lapurdi (“Laphhur-duy”, bakardadea), Nafarroa Beherea (euskaraz Garazi, iturri askotako herrialdea), Amikuze (“Amieuze”) eta Zuberoa (“Sola”) (…) Euskaldunak Pirinioetako iparraldean edo hegoaldean bizi dira, eta irudi du atzerriko kolonia bat direla, Espainiako eta Frantziako probintzietan kokatua. Haien odolak, ohiturek, hizkuntzak, usadioek, hesi bat altxatzen dute haien eta inguruko guztiaren artean”.
Hiztegi espainiarrek bide beretik jotzen zuten: “Herrialde hauek, iberiarren arraza zaharraren azken aztarnak, mendebaldeko Pirinioen bi isurialdeetan kokatzen dira, Frantzia eta Espainiaren artean, eta 918.000 arima inguruko biztanleria dute, zazpi probintziatan banatuta, lau espainiar eta hiru frantses”, horixe irakur dezakegu 1883ko Diccionario General Etimológico de la Lengua Española liburuan. Bost urte geroago, Novísimo Diccionario Enciclopédico de la Lengua Castellana agertu zen. Bertan irakur daitekeenez, euskaldunak “Pirinioetako bi isurialdeetan bizi dira, Baskongadak izeneko hiru probintzietan, Lapurdi eta Zuberoa herrialde frantsesetan, eta Nafarroa Garaian zein Nafarroa Beherean, alegia, Espainiako zein Frantziako Nafarroan”. Definizio horiekin batera, ugaritu egin ziren “ahozko kartografia” hori marrazten eta eduki grafikoz betetzen zuten mapak.
Eta euskal ahozko zein idatzizko literaturan, ezin konta ahala errepikatzen dira adibideak, hala nola Jean Martin Hiribarrenen 1853ko hau:
Nafarroa-Behera, Chubero, Laphurdi
Franciari citzaizcon partitetan geldi
Españiaco dire Nafarroa gora
Alaba, Guipuzcoa, Bizcaia ederra
Agosti Xaho kazetari eta hizkuntzalariak zein Anton Abbadia filantropo handiak, 1851tik lore joko edo euskal jaien sustatzaile nagusiak, zazpi lurraldeen batasun hori nabarmendu zuten. Biek ere Zazpiak Bat gure armarri ezaguna sortzeko giroa ereiten lagundu zuten, XIX. mende hondarrean diseinatua. Eta hala armarria nola goiburua ez zitzaizkion oharkabean joan Abandoko Sabin Arana idazle erreboltariari: ideia hori bereganatu eta garatu egin zuen.
XIX. mendearen hondarrean, foruzaletasunaren eta kultur mugimendu euskaltzaleen goraldian, euskal herritar ugarik gure batasun geografikoa nabarmendu zuten. Grazian Adema Zaldubi-k hauxe adierazi zuen 1894an: “Frantziako eta Espainiako eskualdun guziak, jendakia bat berbera gare. (…) Horrela, zazpi Eskual-herriak elgarri lothuz egiten dire zazpiak bat. Laphurdi, Basanabar, Sibero, Frantzia aldetik, Nabar, Gipuzko, Bizkai eta Alaba, Espainia aldetik”.
Ordukoa, Euskal Herriaren kartografia peto-petoa zen jada, askotan gaztelaniaz vasco-navarra izendatua, eta gure lurralde osoa biltzen zuen. Izan ere, Euskal Herriko kultura erakunde berriek kartografia hori bultzatu zuten, Eusko Ikaskuntzak bereziki, aldundien laguntzaz. Atzerrian, bidaia liburuek eta gidek gure herrialdearen (Basque Country, Baskenland, Paesi Baschi, Pays Basque eta abarren) kartografia eta ahozko definizioak barreiatu zituzten. Bada, Romilly eta Katharine Fedden-ek hauxe adierazi zuten: “Zaspiak-bat, l’Eskual Herria of Basque song and story. Of these, three are in France: Labourd, capital Bayonne; Basse-Navarre, capital St, Jean-Pied-de-Port; La Soule, capital Mauléon; and four are in Spain: Guipuzcoa, capital San Sebastian; Biscaye, capital Bilbao; Alava, capital Vittoria; and Navarre, capital Pampeluna” (The Basque Country, Londres, 1921).
Zentralizazio eta identitate periferikoen jazarpen handieneko garaietan ere ez zitzaion Euskal Herriaren soslaia argitaratzeari utzi. Pio Barojak hauxe zioen 1953ko El País Vasco bere lanean: “Espainiako Euskal Herria lau probintziak osatzen dute: Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaia, eta hiriburu dituzte Gasteiz, Donostia, Iruñea eta Bilbo. Frantziako Euskal Herria, berriz, hiru probintziak osatzen dute: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa”. Antzeko definizioak irakurtzeko parada izan dugu idazle falangistetan, adibidez, Manuel Iribarren Paternain (Navarra, ensayo de biografía, 1956) edo Jose Maria Iribarren (Vocabulario Navarro,1952): “Euskalerria: Euskal Herriari (País Vasco) ematen dioten izena, alegia, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa Espainian, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea (Benabarre) eta Zuberoa Euskal Herri frantsesean (país vasco-francés). Euskalherria-k, euskaraz, euskoen edo euskaldunen herria esan nahi du”. Beste batzuek, gero, iturri tradizional horietatik edan zuten, hala nola Enciclopedia Salvat (1967), Enciclopedia Larousse (1972), Espasa-Calpe (1994) eta abar, eta denek oso antzeko definizioak dituzte.
Bada, gure lurralde honen omenez egin da atlas hau. Ohartuko zara, irakurle agurgarria, lurralde hau Asturiaseraino eta Errioxako, Oskako edo Biarnoko inguruetaraino ere heltzen dela batzuetan, eta beste batzuetan, berriz, probintziako mapetan eta beste unitate politiko batzuetan zatikaturik ageri dela: Probintzia Baskongadoak deitu horiek, edo Euskal Herri kontinentala, Pays Basque delakoa. Azkenean, ordea, beti dago aspaldiko mendeetatik argi eta garbi definitu den herri bat eta, hamaika izenen atzean (Humboldtek deitoratu zuen bezala), beti existitu zen Baskonia zaharra, erdaraz, Euskal Herria bertako hizkuntzaz, euskaraz.

